Altsasuko auzia berrikusiko dute etzi eta etzidamu

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 21a, 07:41

Altsasun elkarretaratze jendetsua egin dute beste behin.Arg: @altsasukogurasoak

800 egun espetxean beteko dituzten egunean auzia berrikusi eginen dute Espainiako Auzitegi Nazionalean. Elkarretaratze jendetsua egin zuten beste behin atzo Altsasun. 

Hiru egunen buruan berraztertu eginen dute Altsasuko auzia Espainiako Auzitegi Nazionalean. Altsasuko zortzi gazteri 13 eta 2 urte arteko espetxe zigorrak eskatu zizkieten (eta betetzen ari dira 800 egun eginen dituztelako etzi preso horietako hiruk) kalez jantzita zihoazen bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako liskarrarengatik. 2016ko urrian izan zen, goizaldean, taberna kanpoaldean. "Onartuko dugun erabaki bakarra gazteak aske uztekoa izanen da. Objektiboki eta errealitatea zentzuz begiratuta onartezina da ezarri dieten zigorra", azaldu dute testua irakurri duten auzokideek. 

Urtarrilaren 23an eta 24an berrikusiko dute epaia Espainiako Auzitegi Nazionalean. Defentsak eskatutako proba berriak eta lekuko berriak onartu dituzte. San Fernando de Henaresen izaen da epaiketa, apirilean izandako toki berberean. Epaimahaia hiru kidek osatuko dute: Jose Ramon Navarro izanen da txostengilea eta epaile gisa ariko dira Eloy Velasco eta Enrique Lopez. Esan beharra dago bi epaileak auzitik baztertzeko eskatua dutela defentsako abokatuek biak izan direlako guardia zibilarengandik omenduak edota intsignia jasoak; Velasco gainera horrez gain, Covitek egindako ekitaldi batean egindako adierezpengatik ere kasutik kentzea eskatu zuten. Ez zuten halako bazterketarik onartu, are gehiago, 600 euroko isuna ezarri zioten auzipetutako gazte bakoitzari "fede txarrez" aritu zirelako auzitik kaleratzeko eskatu zutenean. 

800 egun espetxean

Asteazkenean hasiko dira Altsasuko auzia berrikusten Auzitegi Nazionalean. Hain zuzen, egun horretan eginen dituzte zortzi gazteetatik hiruk 800 egun giltzapean. Beste lauek 229 egun eramanen dituzte kartzelan. Espainiako zenbait espetxetatik pasa ondoren orain guztiak Zaballakoan daude. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!