Barcina: "Kontrol batzordeak bere lana zuzen egin zuen; ez zen alarma gorririk piztu"

Euskalerria Irratia 2019ko urt. 16a, 08:11

Irribarretsu, duela hamar urteko kontuez ahaztuta eta harro azaldu da Yolanda Barcina. Goizeko bederatzietan iritsi da parlamentura UPNko parlamentariez inguratuta, babestuta.

Nafarroako Kutxaz galdetu diote. 1996. Urtetik 2012. Urtera gobernu organoetan eta aholku-emaile lanetan aritua izan delako Barcina. 264.935 euro poltsikoratu zituen 2007-2011 urteen artean eta bileretan parte hartzeagatik dieta bikoitz eta hirukoitzak jaso zituen. CANen desagertzeaz, esan du, kontrolaz arduratzen zen batzordeak lan zorrotza eta legeak ezartzen zuenaren araberakoa egin zuela. Berari zegokion ardura betetzeko trebatua ikusten ote zuen bere burua galdetuta: "Iruñeko alkate eta Nafarroako presidente izateko bezainbesteko gaitzea nuen CANeko ardura postuetan izateko". 

Ahaztuta zituen zenbait gai Barcinak. Eta berak bezala, herritarrek kalean ez dute ulertzen duela hamar urteko kontuak zergatik ikertzen dituzten: "Herritarrek galdetu didate zertara nentorren. Duela hamar edo hamabost urteko gauzak argitzea orain ez dute ulertzen. Ez dute ulertzen benetan beharrezkoak diren gaiei irtenbide eman ordez zergatik ari zareten honetan tematurik". "Egindako akatsekin edo okerrekin gogoratu baino nahiago izaten dut ongi egindakoekin gogoratu", gaineratu du. Eta beste gauza bat ere nabarmendu du: "Politikan onartezina da gezurra. Inoiz ez naiz gezurretan aritu", esan du

Nafarroako Kutxa Caixabankek surgatu izana ona izan zela uste du ikusirik alboan zeuden bankuen egoera zein izan zen gerora. Desagerpenaz ardurarik izan duenik ukatu egin du eta gaineratu du, ikerketa batzordeak ez duela zentzurik idatzita daudelako amaitu aurretik ondorioak. Eta batzordearekin zerikusirik ez duen beste hau ere argi utzi nahi izan du: "UPNren afiliatu izaten segitzen dut, erkidego honetako alderdi on bat delako". 

Arratsaldeko zazpiak arte luzatuko da gaurko agerraldia eta baliteke biharko eguna ere Barcina entzunez ematea Nafarroako Kutxa ikertzen duen batzordean.  

CANen izandako ardurez eta jasotako diruez

Dieta bikoitz eta hirukoitzak jasotzen zituzten Nafarroako Kutxako kontrolerako batzordeetan parte hartzeagatik eta Yolanda Barcina kontrol batzorde horretako presidente ere bazen. Justifikatu gabeko dietak jaso zituzten. Ez hori bakarrik: Entitate Sortzaileetako Batzordeko kide ere bazen. CANeko kudeaketan izandako aldaketez, bazkide berrien sarbideaz eta amaieran, mende baten ostean eta mila milioi euroko galerarekin, CaixaBank-ek surgatu behar izan zuenean ere ez zuen deus ere esan. Azkenik, egun, Nafarroako Kutxak %0,9 ditu akzioetan. 

Saiatu izan da behin eta berriz txikitzen Barcinak berak CANen izandako ardura baina datuek gezurtatu egiten dute hori: Nafarroako Aurrezki Kutxaren kontseilari izan zen 1996-1999 urteen artean, ondoren, Iruñeko Aurrezki Kutxako azken presidente ere izan zen 1999-2000 urteen artean eta azkenik, Nafarroako Kutxa izenarekin fusionatutakoan ere presidentea izan zen. Presidenteorde izan zen 2000-2004 urteen artean CANen, kontrol batzordeko presidente izan zen gero 2004-2010 urteen artean eta azkenik Entitate Sortzaileetako Batzordeko kide ere izan zen 2010-2012 urteen artean. Hortaz, 1996 eta 2010. urteen artean, gobernu organoetan eta aholku-emaile lanetan aritu da Nafarroako Kutxaren barruan. 

Urteotan guztiotan ez du zalantzarik agertu Barcinak entitatearen jardunez, kudeaketez edota bilakaeran egindakoaz. Azken unean ere ez zuen aipurik egin CANek izan zezakeen etorkizun negargarriaz: Lorenzo Riezuk, Nafarroako Kutxako zuzendari izandakoak, aurkeztu zizkion zenbait dokumentu azalduz Enrique Goñik egindako kudeaketa.  Zalantzazkoa izan zen kudeaketa hura eta bereziki emaitzetan antzematen zen hori. Barcinak ez zuen ez zirt ez zart egin garai hartan, 2011n. Garai hartan izan zen hain zuzen ere "eskuzabalki" bileretan parte hartzeagatik dietak jasotzen zituena. 

Iruñeko alkate lehenbizi eta Nafarroako presidente gero Nafarroako Kutxarengandik zenbait diru-iturri eskuratu zituen Barcinak: 2007-2011 urteen artean 264.935 euro jaso zituen eta horietatik 71.000 ez zuten zer ikustekorik egiten zuen zereginarekin CANen barruan. 2004-2006 urteen artean 21.000 eta 26.000 euro artean jaso zituen memorietan jasoa dagoenaren arabera. 1996. urtetik kobratu izan du Barcinak CANenengandik. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!