-Euskal Nobela Beltzaren Astearen lehen egunean, ilbeltzaren 14an, astelehena, “Idazleekin solasean” ekimena izanen dugu. Bertan, liburu bat aukeratu eta idazlea gonbidatzen dugu merendu goxo baten bueltan liburuaz solastera. Aurtengoan, idazlea ez baizik eta itzultzailea etorriko zaigu, itzultzea sorkuntza baita ere. Xabier Olarra etorriko da Dashiell Hammetten UZTA GORRIA liburuari buruz solastera.
Nobela beltzen aitzindaria da Hammett, klasiko bat, genero beltzeko aitzindaria, eta IGELA argitaletxeak egin duen berrargitarapenak aukera ederra eskaini digu.
Arizkunen, medikuaren etxeko liburutegi beltzean, arratsaldeko 7:30etan.
-ILBELTZAREN 16an, asteazkenean, berriz ere euskal nobela beltzen klasiko bat izanen dugu gure artean. Loidi, Izeta, Garate eta Peillen pasatu dira (H)ilbeltzatik. Aurten Xabier Gereñori buruz ikasiko dugu. Euskaltzalea zen, eta irakurleak sortzeko idatzizuen.Bere euskara ikasteko metodoetan txertatu zituen nobelak etahorietanJurgi Kapitaina sortu zuen.
Koldo Izagirreri egin genion gonbitea eta bere baietzari esker Anizen ikusiko dugu baietza horren emaitza. Mendiarte elkartean arratsaldeko19:00etan.
-ILBELTZAREN 18an, ortziralean, zinema eta literatura lotuko ditugu aurten ere, zinemarekiko ohiko eguna klasikoa bilakatzen ari delarik kasik. Gontzal Agote zine kritikariak “Hemingway ere beltza zen” ekitaldia gidatuko du.
Ezin da erran Hemingway genero beltza bereziki landu zuenik, ipuin eta eleberri ilunak izan arren. Paradoxikoki baina, Hemingwayren zinemarako egokitzapenik onenak zinema beltzaren generokoak dira.
Gontzal Agote eta Hemingwayrekin hitzordua, ortziralean izanen da, ilbeltzaren 18an, erran bezala, arratsaldeko 19:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.
-ILBELTZAREN 19an, larunbata, egun betea dugu. Goizetik hasi eta gaua artio.
Goizean, urtero bezala, mahai-ingurua izanen dugu. “Hiria eta landa eremuaren trataera nobela beltzetan”
Gure kezka, eztabaida eta galderetatik abiatu da mahai inguru hau: Zertan aldatzen da istorio beltzbat, hirian ala landa eremuan kokatzen badugu? Zer rol du espazioak eta paisaiak nobela beltzean? Bereizten ote ditugu gaur egun bi eremuak edo hibridoak bilakatu ditugu? Nobela beltzaren eredua hirian sortu eta garatu zela gauza jakina da, baina bada hiritik kanpokorik ere.
Itxaro Borda eta Edorta Jimenez arituko dira beren landa eremutik eta beren hirietatik. Ana Galarraga moderatzaileak gidatuko ditu.
Goizeko 11:00etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean.
Ondoren, Erratzura joanen gara bazkaltzera.
Otorduak estuki lotuak daude “Idazleekin solasean” ekimenak antolatzen dituen hitzorduekin, Euskal Herrian maiz gertatu ohi den gisan. Euskal Nobela Beltzaren Astean ere merendu, pikoteo eta askari ezberdinak daude. Nolanahi ere, Erratzuko Etxelebert elkartean izanen da larunbateko bazkaria. Txartelak ilbeltzabaztanen@gmail.com helbide elektronikoan erreserbatzen ahal dira. Kalabaza purea, entsalada eta barazki lasaña da menua, mamia postrerako. Jaki guziak bertakoak eta pozoinik gabeak, Ruthek mimoz eta maitasunez ekoitziak eta sukaldatuak.
Bazkalondoan, arratsaldeko 17:00ak aldera, liburu aurkezpenak.
Klasikoez gain, euskal nobela beltz berrien erakusleiho gisa, berriki argitaratutako hiru nobelen aurkezpena izanen ditugu.
-Miel Anjel Elustondok “Kezko bola batek itoak birikak” aurkeztuko du. Txalapartak argitaratua, lehen (H)ilbeltza bekaren emaitza dugu nobela hau, ilusioz eta antsietatez kasik espero genuena.
-Edorta Jimenezek “Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua” aurkeztuko du.
-Xabier Etxeberriak, azkenik, “Berriro itzuliko balitz” aurkeztuko du.
Ilunabarrean, SUSMAGARRIEN GAUA. Eguna tertulia literario eta liburu artean igaro ondoren, elkar hobeki ezagutu eta jolasean aritzeko parada izanen da. Aurreko urteetan bezala, sorpresaz eta inkognitaz betetako jokoa izanen dugu, irri eta orro goxoan aritzeko Erratzuko ostatuetan barna.
-ILBELTZAREN 20a, azkeneko eguna.
igande goizean, ITZULI BELTZA deitu dugun ekitaldia ikusteko aukera izanen dugu.
Erran beharra dugu (H)ilbeltzaren bertze irizpide bat ekitaldiak ez zentralizatzea dela, eta Baztanek dituen 15 herrietatik ahal den gehienetara ailegatzea urtetik urtera. Ez gara guzietara ailegatzen baina itzuli beltza da preziski herri desberdinetan ematen den bakarra. Aurten Arraiozen izanen da, zenbait herritarren parte hartzearekin.
Arraiozen inauteriak izanen dira eta trikitixaren doinuarekin batera, bele beltzak kantuz eta dantzan ibiliko dira bideetan barna. Istorio bat ezagutzeko aukera eskainiko digu kontalariak, antzezle, musikari eta herritarren laguntzarekin.
Ipuin, istorio eta antzerkia espreski sortzen dira egun horretarako eta leku horretarako. Aukera bakarra da ilbeltzaren 20koa.
Arraiozen, goizeko 11etan.
Akitzeko, arratsaldeko 7etan Elizondoko Arizkunenea kultur etxean, Jon Alonsok idatzitako “Chadlerren alde… edo kontra” irakurketa girotua izanen da Mairu antzerki teldearen eta (H)ilbeltzako kideon eskutik.
Chandler idazlearen irudia aukeratu dugu irudi pragmatikoa delako nobela beltzaren munduan.
Irakurketa diogu, testutik abiatzen delako, eta testua delako oinarria. Eta girotua, antzerkiak berezkoak dituen elementuak baliatuko ditugulako ikuslea laguntzeko eta entretenitzeko.
(H)ILBELTZA BEKA
Hori guzia da astea, baina (H)ilbeltza ez da aste hori bakarrik.
2017an (H)ilbeltza Beka sortu genuen Baztango Udalarekin eta Txalaparta argitaletxearekin batean. Urte batez sormena eta bertze batez itzulpena argitaratzea lagunduko duen beka da.
Lehendabiziko bekaren irabazlea Miel Angel Elustondo izan zen eta erran bezala, aurten aurkeztuko dugu larunbatean.
2018ko deialdiaren irabazlea Josu Baranbones izan zen, eta Patricia Highsmith idazle estatubatuarraren The Blunderer lana itzultzen ari da. Heldu den urtean aurkeztuko dugu beraz.
Aurtengo deialdia (H)ilbeltza pasatu eta gero eginen dugu. Baina probestuko dugu aurkezpen hau idazleak beren sormen lana aurkezterat animatzeko.
WEB ORRIA/BLOGA
Erran bezala, (H)ilbeltza, aste bateko egitaraua baino gehiago da, edo horretan ahalegintzen gara bederen. Urteak pasa ahala, eta Euskal Nobela Beltzaren Astea sendoturik, ekimen ezberdinak paratu ditugu martxan. Horietako bat ilbeltza.eus webgunea da, genero beltza bultzatzeko helburu orokorrarekin. Sei atal daude web orrialdean: liburu aipamenak, elkarrizketak, generoaren inguruan hausnartzeko atala, zine beltzaren ingurukoa, “Beltzometroa” izeneko galdetegi laburra eta “puska beltzak” izenekoa.
Web orrialdean argitaratu genuen adibidez GENEROAZ atalean , Xabier Olarraren gomendioa: aurten gurekin izanen dugun Dashiell Hammmetten UZTA GORRIAri buruzko iruzkina. Bistan denez, bisitatzera gonbidatzen zaituztegu. Astean barna sortuko diren hausnarketak, elkarriketak eta abar sartuko ditugu ondoko asteetan.
Bertzetik, ilbeltza.blogspot.com bloga dago, non Euskal Nobela Beltzaren Astearen inguruko informazio praktikoak kontsulta daitezkeen.
Tira, bertzerik gabe, Euskal Nobela Beltzaren Astean parte hartzeko gonbidapena luzatuta, agurtzea eta eskertzea baino ez zaigu gelditzen. Mila esker denei eta (H)ilbeltzan ikusiko dugu elkar.