Podemos-Ahal Dugu eta Orain Bairen artekoak izanen duela kapitulu berri bat. Alderdiko ofizialistek buelta eman nahi diote abenduan Orain Baiko kritikoek egindako jokaldiari. Gogoratu, Nafarroako aurrekontuak erdietsi ondoren iritsi zela Orain Bai taldeko lau kideen eskaera: Ahal Duguko hiru kideak, Ainhoa Aznarez, Mikel Buil eta Tere Saez talde parlamentariotik baztertzeko eskaerarena. Hala, arriskuan legoke besteak beste parlamentuko presidentetza, Aznarezek ezinen liokeelako eutsi kargu horri.
Orain, buelta eman nahi izan diote. Aznarezek, Builek eta Saezek antzeko eskaera egin diete lau kritikoei: Laura Perez, Carlos Couso, Ruben Velasco eta Fany Carrillori. Eskatu diete, eurak direnez talde ofizialetik kanpo geratu direnak, alegia, hauteskundeetan aurkeztutako taldetik kanpo daudenak, eurak izan daitezela talde parlamentariotik joanen direnak eta talde mistoa osatu eta ez adskribatu gisa lanen segitu beharko luketenak.
Arduraz jokatzeko eskaera egin dute. Bai bere talde barruko kideei eta oro har parlamentu osoari eta bereziki Mahai eta Eledunen batzarra osatzen dutenei. Izan ere, horiek dira erabaki beharko dutenak zer egin. Euren helegiteak logikoak direla uste du Eduardo Santosek. Asteartean, urtarrilaren 8an aztertuko du gaia Mahai eta Eledunen batzarrak. Parlamentuko presidentetza kolokan jartzea arriskutsua litzatekeela ohartarazi du.
Parlamentuko araudia argia da zenbait zentzutan. Hasteko nabarmentzen du, talde parlamentariotik kanpo geratzen denak galdu eginen dituela kargu guztiak. Hala, gertatuko balitz Aznarez, Buil eta Saez taldetik kanpo geratzea, parlamentua presidenterik gabe geratuko litzateke. Ordutik, hamabost eguneko epea zabalduko litzateke osoko bilkura bat deitu eta presidente berria erabakitzeko. Lehenengo bozketan gehiengo osoa beharko luke hautagai batek presidente kargua eskuratzeko, bigarren bozketan berriz nahikoa litzateke gehiengo soil batekin.