Uxue Barkos: "Lehentasunen aldaketa argia sustatu eta zerbitzu publikoen kalitatea finkatu dugu"

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 31a, 09:25

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakaria, atzo emandako urte amaierako mezuan.

Urte amaierako mezuan Uxue Barkos presidenteak konpromisoa azaldu du "foru erregimenaren eta autogobernuaren defentsa hertsia, zorrotza eta leiala" egiteko.

Uxue Barkos presidenteak konpromisoa azaldu du «foru erregimenaren eta autogobernuaren defentsa hertsia, zorrotza eta leiala» egiteko. Bereziki, aldarrikatu du Trafiko eta Bideko Segurtasuneko eskumenak berreskuratzeko garaia dela. "Gobernu zentralak zor hori betetzeko aukera du. Nafarroak lana egina du, eta zorrotza izango da", nabarmendu du. Horrez gain, azpimarratu du Nafarroako gizartea gai dela etorkizunari aurre egiteko, «kohesioan, elkartasunean eta esfortzuan» oinarritzen delako. Azaldu du mehatxuen aurrean balio horiek izan daitezkeela «armarik onena».

Azken lau urteetan Nafarroan «egonkortasun politikoa eta ekonomikoa» lortu dutela azpimarratu du, eta horrek adierazle sozioekonomikoak hobetu dituela. Hala ere, aitortu du ezin direla horrekin konformatu; helburu nagusia enplegua sortzea delako. Ziurtatu du lanean jarraituko dutela, «kalitatezko ongizate estatua» garatzen jarraitzeko. Laugarren urtez jarraian Nafarroako aurrekontuak onartzea ere txalotu du: "Lehentasunen aldaketa argia sustatu dutela, eta zerbitzu publikoen kalitatea finkatu dutela adieraziz".

Barkosen iritziz, 2018an inoiz baino gehiago atera da kalera Nafarroako gizartea. Adierazi du herritarrek gizonen eta emakumeen arteko berdintasun «erreala eta eraginkorra» eskatu dutela. Azpimarratu du diskriminazioaren, jazarpenaren eta indarkeriaren aurkako mobilizazio «historikoak» egin direla. 2019an ere borrokarekin segitzeko beharra nabarmendu du:

ETAren behin betiko amaierari ere egin dio aipamena Barkosek. Azaldu du Nafarroako gizarteak «aspalditik» egindako eskakizuna dela. «Memoria kritikoan» aurrera egiteko gonbidapena egin dio herritar orori. «Memoria, iraganeko kontua ez ezik, etorkizunekoa ere bada. Helburu horretan, elkar aurkitu behar dugu».

2019ra begira, Nafarroa komunitate «lehiakor» eta «berritzaile» gisa finkatzea nahi du. Horrez gain, «ingurumena errespetatzea» aurkeztu du erronka moduan, ekonomia «berdeagoa eta zirkularra sustatuta». Helburuak ere azaldu ditu: besteak beste, Nafarroak «integratzailea, berritzailea eta solidarioa» izan behar du. «Guztion artean Nafarroa hobetzeko urtea da», adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!