Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Legea onetsi da

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 20a, 19:49

Memoriaren tokien babesa eta ezagutza sustatu nahi dira, bakearen eta bizikidetzaren kultura bultzatzeko, zor diren egia, justizia eta erreparazioari lotua

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Legea onetsi du gaur UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin.

Gobernuak bultzatutako legearen xedea da “Nafarroako memoria historikoaren tokiak deklaratu, babestu, zaindu eta haien berri zabaltzea, horrela, giza eskubideen errespetutik abiatuta, bakean eta bizikidetzan oinarritutako kultura sustatzeko, egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubideari eta berriz ez gertatzeko bermeei lotuta”.

“Ahanzturari eta memoria ezari” aurre egin nahian, “1936ko estatu-kolpean eta ondoko errepresio frankistan egiaz gertatutakoaren” kronika eraikitzea aldezten da; kasu honetan, “indarkeriaz baliaturik, legez eratutako boterearen kontra altxatu zirenek era guztietako urratzeak” egin zituzten lekuen bitartez.

Ildo horretan, eta albora utzita kontakizun historikoaren transmisioa dokumentatzeko balio duten artxibo, lekukotasun, kontakizun, irudi eta grabazioak, figura berri bat eratzen da, Memoriaren Tokiak deituraren pean biltzen dituena “biztanleriaren errepresioari lotutako eta garrantzi bereziko egitateak gertatu ziren gune fisikoak”.

Zehazten denez, memoriaren toki deklaratu ahalko dira 1936ko kolpe militarraren ondotik fusilatutakoak eta desagerrarazitakoak ehortzi zituzten hobiak edo ehorzketa-lekuak; atxilotzeko eta hiltzeko tokiak; bortxazko lanak baliatuz eraikitako herri-lanak; eta biktimen familiek, memoriaren aldeko elkarteek, erakundeek eta administrazio publikoek gerora sortutako oroimen eta aitortza tokiak.

Memoria historikoaren tokiak, halakotzat onartuak izateko, erregistro batean inskribatu beharko dira. Erregistro hori publizitatea eta kontrola egiteko tresna izanen da, eta kontsulta, telematikoa nahiz bertatik bertarakoa, doakoa izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!