Laugarren urtez jarraian 2019ko aurrekontuak aurrera atera ditu Nafarroako Gobernuak. Laukoak nabarmendu du, gizarte arlora bideratu dutela zatirik handiena; lau milioi eurotatik milioi bat esaterako, osasun arlora bideratu dute. 2019ko aurrekontuak 4.016 milioi euroko gastu-muga izango du, aurten baino 127 milioi gehiago. Laukoak nabarmendu izan duenez, gizarte arlora bideratu dute zatirik handiena.
Laukoa kontent
%16 hazi dira 2019rako aurrekontuak eta hori erreforma fiskal bidezkoagoaren bidez erdietsi dela nabarmendu du Geroa Baiko Koldo Martinezek. EH Bilduko Adolfo Araizek gogora ekarri du "hobetu" egin direla Nafarroaren finantzak urteotan laukoak bultzatutako zerga erreformari eta ekarpenaren inguruan lortutako akordioari esker. Oposizioari mezua ere helarazi dio: Desitxuratutako eta ahuldutako laukoaren argazkia nahi zutela, baina zorionez ez dela hala izan. Ahal Dugu-Orain Bai taldeko Carlos Cousok nabamrendu du "gauza on gehiago" dituela txarrak baino. Izquierda-Ezkerrak ildo beretik esan du, hobe litezkeela baina ez du alternatiba hoberik ikusten gastu sozial gehiago eta ekonomia sustatzeko baliagarriagoak izanen direnak lortzeko.
Laukoaren azkenak izan daitezen desiatzen UPN, PSN eta PP
UPNk azken hilabeteotan izan duen obsesioari eutsi dio eta aurrekontuei jarritako zuzenketak defendatu ordez, ama izandakoei atxikitako dirua itzultzeko deus egin ez izana leporatu dio behin eta berriz laukoari. Alderdi sozialistako Maria Txibiteren ustez, "eroritako eskuen jarrera" islatzen dute laukoaren aurrekontuek: "Bizi irauteko aurrekontuak dira, baina ez dago etorkizunerako egitasmorik".
Betiko ildotik aritu da PPko Ana Beltran. "Aurrekontu batasunizatuak dira", esan du. Beltranen hitzetan, "langabeziaren alde" apustu egin du gobernuak. Euskararen "inposizioa" ere salatu du, eta "sakonerarik gabeko zaku" bat sortzea egotzi dio laukoari.
Azkenik, 26 24ren kontra. Alegia, EH Bilduk, Geroa Baik, Ahal Dugu-Orain Baik eta Ezkerrak aurrekontuen alde bozkatu dute; UPNk, PSNk eta PPk kontra.