21 hizlarik parte hartuko dute Euskaltzaindiak 2019ko urtarrilaren 17an (egun osoa) eta 18an (egun erdia) Iruñean antolatuko duen nazioarteko biltzarrean. Baionako kolokioaren eta Arantzazuko nazioarteko biltzarraren ostean, mendeurrenaren baitan Euskaltzaindiak antolatzen duen hirugarren jardunaldi akademikoa da Baluartekoa: ‘Hizkuntza gutxiagotuak jagon, euskaraz bizi - XXIII. Jagon jardunaldia’.
“Hizkuntza gutxiagotuei buruzko ikuspegia landu eta aurreratu nahi da biltzar honetan”, aurreratu du Sagrario Aleman Akademiako Sustapen batzordeko buruak gaurko agerpenean. “Bide batez, beste lurraldeetan egiten den lana Euskal Herrikoarekin uztartu nahi da, betiere aldarte akademiko egokia bilatuz eta euskararen erabilera soziala eta hizkuntza eskubideen alorrak barneratuz”, gaineratu du euskaltzain nafarrak.
Nazioarteko adituen artean, besteak beste, ondokoek parte hartuko dute: Alain Viaut Paueko eta Aturriko Herrialdeetako Unibertsitateko irakaslea; Jeroen Darquennes (University of Namur–Belgika); Cor van der Meer (Frisieraren Akademia), Elena Chiocchetti (Institute for Applied Linguistics), Jean-Guy Talamoni (Korsikako Parlamentuko presidentea), Henrique Monteagudo (Galizieraren Errege Akademia), Joan Argenter (Institut d’Estudis Catalans), edo Sixto Molina (Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Kartaren idazkari eragilea).
Akademien arteko elkargunea
Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak Euskaltzaindiak betidanik jorratu izan dituen arloak gogoratu ditu agerpenean: “Akademiak hasieratik izan ditu bi sail, Iker eta Jagon, euskararen normatibizazioa eta normalizazioa. Bigarrenari ekingo diogu Iruñean, bertara bilduko baikara hiru osagai nagusi hauek jorratzeko: batetik, Euskaltzaindiak historian zehar egin duen euskararen normalizaziorako ibilbidea aztertuko da, Jagon sailaren eskutik; bestetik, nazioarte mailan eta Euskal Herrian egun indarrean dauden araudiak eta esperientziak partekatuko ditugu, hizkuntza gutxiagotuen inguruko sarea ehunduz; eta, azkenik, Akademiaren barruan Jagon saileko Sustapen batzordearen lana bizkortu nahi dugu, Euskaltzaindiak arlo honetan egin dituen ekarpenak agertuz, hots, ‘Euskaltzaindiaren Adierazpenak (1976-2018)’ eta ‘Hizkuntza-zuzenbidea. Testu-bilduma euskaraz’ argitaraldi berri eta elektronikoak aurkeztuko ditugu”.
Urrutiak azpimarratu du ahalegin berezia egingo dela biltzarrean hizkuntza gutxiagotuen Akademia desberdinen arteko elkarlana sustatzeko: “ikertzaile eta aditu hauen bisita profitatu nahi dugu hizkuntza gutxiagotuen Akademia desberdinen arteko elkargunea sortzeko, kezka komunak lantzeko erabiliko litzatekeena”.
Nafarroako hiriburuko Baluarte jauregian eginen da XXIII. Jagon jardunaldia, eta izen-ematea zabalik dago, urtarrilaren 13a bitarte.