Sexualitatea normalizatu beharra dago Osasun arloan eta Hezkuntza arloan ere. Horixe nabarmendu dute Mari Jose Perez Jarauta Osasun Publikoko zuzendariak, Luis Gabilondo osasun zuzendariak eta Margarita Etxauri Osasunaren sustapenerako arduradunak.
Urte asko izan dira osasun sexuala lantzen ez zela: batzuetan, ezjakintasunagatik eta gaizki ulertuak sortuko zirenaren beldurren eta beste batzuetan, sexualitatea bera isilean gordetzeko nahia zutelako zenbait sektorek. Osasuneko Mundu Erakundeak, Unicefek eta Unescok egindako ikerketa lan zenbaitek jaso dute, zientifikoki nabarmen gelditu dela ongi egituratutako sexu-hezkuntzako programek onura ekartzen dutela. Informazioa helarazten zaie ikasleei. Prebentzioa lantzen da. Sentsibilizazioa. Eta, sexu-harreman seguruagoak izaten dituzte halako programek erakutsitakoaren bidez. Horiek dira datuetako batzuk. Beste aldean dagoena da, asko dagoela egiteke. Izan ere, kezkagarriak dira hondoko hauek:
- Sexu-bidezko gaixotasunak azken hamarkadan hirukoiztu egin dira.
- Azken sei urtean bikoiztu egin dira nahi ez ziren haurdunaldien kopurua.
- Gazteen %15ak jasan du indarkeria sexuala.
- Haurren %3,5ak jasan du eraso sexualen bat 15 urte bete baino lehen.
Oso pertsona gutxik jasotzen du sexu-hezkuntza egokia adituen esanetan. Familiak izan behar du sexu-hezkuntzaren parte bat, baina hori ez da nahikoa egun. Izan ere, gazteen %10ak baino ez du informazioa jaso gurasoengandik eta beste %10ak dio eskolan jaso duela. Gehiengoa da lagunen bidez, internet bidez eta batez ere pornografia kontsumituz jasotzen duena sexuari buruzko informazioa. "Ez da onargarria errazagoa izatea pornografiaren bidezko sexu-hezkuntza gurasoen, hezkuntzaren bidez edo osasun adituen bidezkoa baino", esan dute.
Sexualitatea "egoki" eta modu "transbertsalean" landuko duten programak beharrezkoak dira hezkuntza sistemetan. "Modu horretan prebentzioan, sentsibilizazioan eta informazio aproposa helaraziko zaielako haur eta gazteei", diote. "Sexualitatea eskolan lantzeak dakar formazio hobea izatea gaiaz, sexu-bidezko gaixotasunak prebenitzeko neurrien berri izatea eta horiek erabiltzea, sexu-harreman seguruagoak izatea, besteak beste. Egia ez dena da, gaia ez lantzeak dakarrela sexu-harremanak beranduago izatea. Ez dago lotura hori egiaztatuko duen ebidentziarik", nabarmendu dute.
Mediku kontsultan ere, lotsak
Medikuek eta osasun arloko arduradunek ere badute ardura aditu hauen ustez: herritarren gehienak ez dira ausartzen sexualitatearekin zerikusia duen gaia medikuarekin lantzeko, ez dago komunikazio normalizaturik arlo horretan ere.
Pazienteen %73k garrantzia handia ematen dio sexualitateari baina arazo baten aurrean ez da ausartzen medikuarenera joaten.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!