Nafarroako Gobernuak hezkuntzaren esparruan egindako apustu nagusietako bat da hezkidetzarena. Skolae programa proposatu du horretarako, eskoletan «kultura berdinzalea» bultzatzeko eta indarkeria sexisten aurrean kontzientziazio lana egiteko. Eskuineko sektoreek, ordea, oso gogor jo dute programaren aurka: haurrak "doktrinatu" nahi izatea leporatu diote Iruñeko gobernuari. Joan den larunbatean, adibidez, elkarretaratzea egin zuten Iruñean, Skolae "inposizioa" delakoan. Auzitara ere jo dute, baina lehen xedea ez dute lortu: Nafarroako Auzitegi Nagusiak ez du onartu proiektua behin-behinean etetea.
Guraso batzuek jarri zuten salaketa Auzitegi Nagusian. Argudiatu zuten hezkidetza programa hori oinarrizko eskubideen aurkakoa dela. Bi eskubide aipatu zituzten bereziki: batetik, askatasun ideologikorako eskubidea; bestetik, seme-alabak norbere sinesmenen arabera hezteko eskubidea. Salatu dute, izan ere, "familien heziketa eskubidea" urratu egiten duela Skolaek, "genero ideologian doktrinatzea" duelako helburu. Uste dute hezkidetza horretarako "aitzakia" bat dela.
Skolae defendatzen segituko dugu
Auzitegi Nagusiaren erabakia ontzat jo du Maria Solana Hezkuntza kontseilariak. "Alegazioak egin genituen, eta erabat justifikatuta dago programak aurrera egitea. Skolae eteteak ez zuen justifikaziorik". Hala ere, kontuan izatekoa da auzitegia oraindik ez dela sartu salaketaren oinarrian, Skolaeren beraren edukietan: orain erabaki duena da ebazpena iritsi arte programa indarrean egotea.