Bozak orain eginen balira Nafarroako Parlamentuan duen gehiengoa galduko luke egungo koalizio gobernuak. Hala, laukoa osatzen duten alderdietatik soilik Geroa Baik egingo luke gora, diputatu bat gehiago eskuratuz, hamar izanen lituzke. EH Bilduk eta Ezkerrak egungo eserleku kopuruari eutsiko liokete, zortzi batak eta bi besteak. Aldiz, kolpea hartuko luke Ahal Duguk, zazpi eserlekutik hirura igaroko litzatekeelako. Era horretan, 23 diputatu izango lituzke laukoak, egun 26. Alderdiei dagokienez, UPNk irabaziko lituzke bozak, 15 parlamentari eskuraturik. Ciudadanosek lehen aldiz lortuko luke ordezkaritza, hiru parlamentarirekin eta Nafarroako alderdi popularraren kaltetan izanen litzateke hori, zeina parlamentutik kanpora geratuko litzatekeen.
Parlamentuarentzako Nafarroako Unibertsitate Publikoak egiten duen barometroa da. Urrian egin zituzten galdeketak zenbait alderdi, boto asmo eta balorazioren inguruan.
Alderdien ebgirada barometroari
UPNk eskuratuko luke babesik handiena orain dituen 15 eserlekuak eskuratuta. Javier Esparzak uste du datuek iradokitzen dutela erregionalistarik gabe ezinezkoa izanen dela gobernu nazionalista albo batean uztea. Eta hain zuzen, galdeketa honen emaitzek diote herritarren %54 leudekela lauko gobernu honen aurka egitearen alde. UPNren gobernua beharrezkoa dela uste du. PSNren jarrerari ere begiratu dio. "Ez da erreala alderdi sozialistak ezkerreko gobernu bat nahi izatea. Horretarako EH Bildurekin adostu beharko luke eta bost indar desberdinen arteko elkarlana egin", nabarmendu du Esparzak.
Geroa Baik eserleku bat gehiago lortuta bigarren indarra izanen litzateke 10 parlamentarirekin. Kontraesanak ere sumatu ditu Koldo Martinez koalizioko bozeramaleak: gobernuaren lana ongi baloratzen dutelako herritarrek baina aldaketak ez luke gehiengoa lortuko, adibidez.Martinezek berak 4,99 puntu lortu ditu balorazioen atalean.
PSN litzateke hirugarren indarra 9 eserleku eskuratuta, orain dituenak baino bi gehiago. Maria Txibite zerrendaburuak gainditu egin du puntuazioa eta 5,02 puntu eman dizkiote. Uste du euren proiektua indartu egin dutela herritarrek eta egindako lana babesten dutela: "Ematen diguten babesak adierazten du ongi ari garela lanean eta horretan segitzeko asmoa dugu. Nik jasotako puntuazioak ere horixe islatzen du", dio.
EH Bilduk zortzi eserlekurekin mantendu eginen luke egun duen indarra. Bakartxo Ruiz hautagai berriaren balorazioarekin ere gainditu egin du 5,10 punturekin eta hobekien baloratuena izan da. "Eledunaren aldaketa egin izanak hobetu egin du hautagaiarekiko babesa eta erronka orain 2015eko datuak eskuratzea izanen da, bai EH Bildurentzat zein aldaketaren indarrentzat ere", esan du Adolfo Araizek, egungo eledunak.
Kolperik handiena Ahal Duguk izanen luke: zazpi parlamentaritik hiru baino ez lituzkeelako mantenduko. Barne egoera kaxkarrari egotzi dio Mikel Builek beherakada hori, baina uste du, gero eta hobekiago ari direla barne-krisia gainditzen eta hori hauteskundeetan nabaritzea espero du.
Beherakada jasanen luke alderdi popularrak ez litzatekeelako parlamentuan sartuko eta bere ordez, Ciudadanosek hiru eserleku erdietsiko lituzke.
Birekin segituko luke Izquierda-Ezkerrak. Barometro honek eta egindako beste askok ere indartu egiten dute alderdiaren lana Marisa de Simonen ustez. Zuhur, baina kontent mintzatu da emaitza hauen inguruan.
Beste datuen artean, kezka agertu dutela alderdi guztietako ordezkariek ikusita barometro honek jasotzen duen datu batekin: herritarren %58k ez luke izanen asmorik hauteskundeetan bozka emateko. Hortaz, jendea mugiarazten erronka dutela adierazi dute.