Konpentsazio ekonomikoak izanen dituzte Eguesibarko Calbete Incasako langileek. Zuzendaritzak beste edozertarako aukerarik ez die eskaini eta negoziaziorako asmorik ere ez du izan. 81 langile ditu lantegiak eta 72 langileri eraginen lieke kaleratzeko "mehatxuak". Horientzat, lan egin duten urte bakoitzeko 30 egu eta gehienez 24 hilabeteko kalte ordaina eskaini die zuzendaritzak. Bi txandatan jasoko lukete: aurtengo abenduaren 31 baino lehen jasoko lituzteke lan egindako urte bakoitzeko 20 egunetako kalte ordaina eta geratzen diren hamar egunak 2019an jasoko lukete. Langile gehienak kalean uzteko proposamena jarri diete mahai gainean. Lantokia ez da produkzio lanetan ariko eta salmentarako gune baino ez da izanen. Horretarako zortzi edo bederatzi langileren "beharra" baino ez du izanen enpresak.
ELAko bost ordezkarik osatzen dute langileen ordezkari taldea. Abenduaren 17ra arte eman diete aukera boluntarioki kalte-ordain horiek onartu eta lantokia uzteko. Egun hori pasata abenduaren 19an zuzendaritzak langileen ordezkariekin biltzeko asmoa du etorkizunean zein pausu emanen dituen zehazteko. Lan Erregulazio Espedientearekin zer egiteko asmoa duen, adibidez: 24 kaleratzeena mantenduko ote duen edota 72 langile kaleratzeko beste bat aurkeztuko ote duen. Hartzekodunen-lehian sartzea ere ez dute baztertu. Galdera askoren erantzuna falta dutela nabarmendu dute langileek.
Geldialdia, astelehenean
Abenduaren 17rako, astelehenerako, lanuzteak deitu dituzte langileen ordezkariek protesta moduan. Egun hori da hain zuzen ere borondatezko bajak eskatzeko.