Calbete-Incasako langile gehienak kaleratu nahi ditu enpresa zuzendaritzak

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 11a, 14:27

Calbete-Incasako langileek agerraldia eta elkarretaratzea egin dute gaur. Arg: ELA sindikatua

Duela hilabete bat iragarri zieten langileei Lan Erregulazio Espedientea aurkezteko asmoa zuela enpresa zuzendaritzak eta horren bidez 81 langileetatik 24 kaleratuko zituela. Orain berriz, 81etik 74 utzi nahi ditu kalean.

Duela hilabete bat iragarri zieten langileei Lan Erregulazio Espedientea aurkezteko asmoa zuela enpresa zuzendaritzak eta horren bidez 81 langileetatik 24 kaleratuko zituela. Duela hogeita hamar egun izan zen hori, eta orduan arrazoitu zituen enpresak kaleratze horiek lan zamaren txikitzearekin. Zehazki produkzioan izan zen beherakadarekin eta ekonomiaren egoerarekin lotu zituen 24 kaleratze horiek.

Calbete-Incasako lantegian lan-taldeak bost ordezkari sindikal ditu, guztiak ELA sindikatuarekin. Negoziazioetan hasi ziren, harik eta, enpresa zuzendaritzaren Erregulazio Espedientea hankaz gora jarri dute arte. Langileekin izandako azken bileran hasierako 24 kaleratzeen ordez ia lan-talde osoa kalean geratzeko proposamena jarri zien mahai gainean ordezkari sindikalei. 

Hilabete baten bueltan aldaketa hori hiru arrazoirekin argudiatu dute: Enpresak egin duen bideragarritasun planak txikitu egin duela Eguesibarko lantokirako produkzioa 2019-2023 urteen arterako; bestetik, urtero produzitzen diren 3.000 tonatatik 600 baino ez ditu aurreikusten eta azkenik,  150.000 eta 200.000 euro arteko galerak ditu jada lantokiak eta gainera hornitzaileek kalte-ordainetan 13 milioi euroko kalte-ordaina eskatu dio enpresari (prezioak irurzur bidez adosteak sortutakoa).

Gauzak horrela 81 langileen artetik 74 kalean gera litezke datozen egunetan. Gainerakoak lantokian geratuko lirateke saltzaile-lanak egiteko. Horretara mugatuko delako Eguesibarko Calbete-Incasa lantegia. Dagoeneko ez da kable elektrikoa egiten ariko. Negoziatzeko zirrikiturik ia ez dietela utzi salatu dute eta deslokalizazio prozesu baten baitan kokatu dute enpresaren jarrera:

Gaur bertan kalte-ordainak zeintzuk izanen diren azalduko dizkiete enpresa-zuzendaritzakoek langileen ordezkariei eta proposatuko diete nahi duenak hori hartu dezakeela kaleratzearen truke. Zuzendaritzak egindako proposamen horiek ez dituzte onartu eta mobilizazioetan ari dira. Gaur bertan bilera egiten ari zirela langile guztiak atarian izan dituzte protestan.

1994an zabaldu zituen atean Eguesibarko Calbete-Incasa lantokiak. Inasa bereiztearekin batera erosi zituen aktiboen erdiak eta 1999an Calbetek enpresaren %100 lortu zuen 900 milioi pezeta ordainduta. 25 urteren ondoren Portugalen egoitza duen enpresak Eguesibarko lantokiaren itxiera iragarri du, bai behintzat parte handiarena: ez du produkziorik eginen eta saltzaile lanetarako baino ez da irekita geldituko. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!