Euskara eskakizun izanen da administrazioko 55 postu gehiagotan

Euskalerria Irratia 2018ko abe. 7a, 13:06

Osasun Departamentukoak izanen dira gehienak. Orain arte 160 plaza baino gutxiago bazeuden 16.000 funtzionario baino gehiagoko taldean.

Duela urte bete onartu zen dekretu hau. Orduan Ana Ollo kontselariak emaniko datuen arabera, gaur egun plaza elebiduna duten 160 plaza baino gutxiago ere badaudela 16.000 funtzionario baino gehiagoko taldean. Kasurik nabariena gisa Nafarroako Ospitalegunea aipatu zuen, plaza batek bakarrik baloratzen duelako euskara meritu gisa 6.142 plazen barruan.

Abenduaren 5eko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen neurri hau Nafarroako Gobernuaren euskara administrazioan arautzen duen foru dekretuaren aplikazioa da.

Era honetara lantalde organikoko zenbait lanposturen hizkuntza profila zehaztu du dekretu bidez Nafarroako Gobernuak.

Lanpostu elebidun berri gehienak lantalde organikoan zeuden lehendik ere, baina hizkuntza eskakizuna aldatu diete. Osasun Departamentukoak dira gehienak: erizain espezialista lanpostu bat Nafarroako Osasun Publikoaren Instituturako; zazpi mediku Altsasuko, Etxarri Aranazko, Iturramako, Arrotxapeko, Txantreako eta Tafallako osasun etxeetan aritzeko; larrialdietako bi mediku Iruñeko Ospitalez kanpoko Larrialdien Zerbitzurako; odontologo bat; 12 erizain Altsasuko, Burlatako, Buztintxuriko, Elizondoko, Ermitagañako, Irurtzungo, Izabako, Arrotxapeko, Sanduzelaiko, Donibaneko, Sarrigurengo eta Txantreako osasun etxeetarako; hamar erizain eta bi hezitzaile Nafarroako Ospitale Gunerako; eta, azkenik, beste sei lanpostu (bi psikologo, hiru erizain eta terapeuta bat) osasun mentaleko zerbitzuan aritzeko.

Beste departamentuei dagokionez, zortzi suhiltzaile lanpostutan ezarriko dute euskara eskakizuna, eta lau foruzain postu berri sortuko dituzte, B2ko profil linguistikoarekin. Nafarroako Zerga Ogasunean, kudeatzaile eta ikertzaile laguntzaile postu bati ezarri diote hizkuntza eskakizun berria; Unibertsitateen Zuzendaritza Nagusian, bi informatikari lanpostutan; eta Kultura Zuzendaritza nagusian, azkenik, liburutegiko arduradun postu batean ezarri dute.

Lantalde organikoko postu batzuetan euskara eskakizunak txertatzeko erabakiak hautsak harrotu ditu Nafarroako PPren egoitzan. Aldaketak «isilka eta azpikeriaz» egin izana kritikatu du alderdiko buru Ana Beltranek —euskararen foru dekretua 2017ko azarotik dago indarrean—, eta neurriak ekarriko duen «diskriminazioa» salatu du: «Gaur egun postu horietan dauden behin-behineko langile elebakarrek lanpostua utzi beharko dute, euskaraz dakitenen mesedetan. Hau guztia estrategia bat da, administrazio publikoa euskaldunekin kolonizatzeko».

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!