'Baloreak' giza balioak Euskal Herriko txoko guztietara musikaren bidez helarazteko DeepSoda ekoiztetxe nafar berriaren lehen proiektua da eta haren aurkezpena eginen da Durangoko Azokan larunbatean, abenduaren 8an, 12.30ean.
8-14 urte bitarteko bost haurrek osaturiko musika talde bat du ardatz: Netsanet, Kaiet, Iradi, Luna berriozartarra eta Asier iruindarra.
'Baloreak' giza balioei balore handiz helduko dien proiektu berritzailea da eta musika ezezik giza balioen inguruko gogoetaldiak ere ikastetxeetara eramateko asmoa du.
Pello Reparazek Argia aldizkarian dioen bezala: "DeepSoda berriki abian jarri dugun ekoizpen kooperatibaren lehen proiektua da. Paxkal Etxepare soinu teknikaria, Joseba Razquin musika managerra eta hirurok ari gara lanean, eta Joseba eta biok irakasleak garenez, musika eta irakaskuntza lotzen dituen proiektua sortu nahi genuen. Betidanik izugarrizko alergia izan diet giza balioei, sentitu dudalako kutsu erlijiosoa zutela eta pentsatu nuen: zergatik ez balio horiek aldarrikatu eta haurren ikuspegitik landu? Itxaropentsu eta gauzak eraldatzeko gogoz egindako ekarpena da."
Proiektuak lantzen dituen balioez gogoeta eta solasaldi asko egitearen ondorioz sortu dira diskoa osatzen duten kantuak: "Haurrekin luze hitz egin eta gero atera direnak dira: jarraitutasuna, maitasuna, erantzukizuna, umiltasuna, ausardia, nortasuna, berdintasuna eta elkartasuna.
Eztabaida piloa egin dugu eta oso sortze prozesu interesgarria izan da. Ardura handia hartu dut eta hitzak kontrastatu nahi izan ditut Eraikiz kolektibo feministarekin, SOS Arrazakeriarekin eta Chrysallis elkartearekin. Letrak berrikusi dituzte, ekarpen baliotsuak egin dituzte. Nire burua feministatzat har dezaket, adibidez, baina gauza askotaz ez naiz ohartzen, asko dudalako deseraikitzeko. Horregatik, nahiago izan dut eztabaidatxoak izan."
Diskoaren aurkezpenaren ondorenko proiektuez hau aurreratu du Reparazek: 'Hezkuntzarako materiala ari gara sortzen orain. Ez dugu disko soil bat izatea nahi eta agian taula gainean ere ikusiko dugu, baina oraingoz ez dugu horretaz hitz egin. Etorkizunean agian, baina oraingoz ez da helburua. Protagonistak haurrak dira eta beste lehentasun batzuk dituzte."
Pello, Luna eta Asierrekin hitz egiteko aukera izan dugu Euskalerria Irratian.