Euskaraldiak suposatu duen "ariketa sozialaren" garrantzia azpimarratuko dute.Izan ere, milaka eta milaka herritarrek bat egin dute ariketa sozial handi honekin.
Elena Lakak, Topaguneko presidenteak, atzo bertan esan zuen euskaraldiari jarraipena ematearen beharrean izanen dela benetako arrakasta: “Bide berri baten hasiera izan da Euskaraldia. Bidegurutzera heldu ginen, norabide bat aukeratu dugu, bide luzea dugu egiteko. Egin dezagun bidea denok elkarrekin”.
Dakienak lehen hitza euskaraz egitea eta hura ulertzeko gai denak aldamenekoari euskaraz egiteko eskatzea. Hori izan da azaroaren 23tik abenduaren 3rainoko epean egindako ariketa. Asko izan dira horrekin bat egin dutenak, 220.000 zehazki, eta bi roletako bat —ahobizi edo belarriprest— hartu dutenak.
Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, berezia da ekinaldia bultzatu dutenentzat. Herri askotan, asteburua baliatu dute ariketan parte hartu dutenei eskerrak emateko eta egindako ahalegina ospatzeko. Baita esperientziak partekatzeko ere.
Ekinaldia bultzatu duten erakunde eta banakoek urrats bat gehiago egin dute, eta Euskaraldia urte osora zabaltzeko proposamena egin diete herritarrei.Izan ere, garrantzitsuena agian, hamabigarren egunetik aurrera dator, alegia, gaurtik aurrera. Euskaraldian egindako urratsa, ohitura aldaketa sendotzea eta Belarriprest zein Ahobizi izaten segitzea. Atzo Iruñean ere ekitaldi jendetsua egin zuten.