Nafarroako enpresei Brexitari buruzko informazioa emateko webgunea sortu du gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 21a, 15:32

Zalantzak era pertsonalizatuan argiko dituzte.

Garapen Ekonomikoko Departamentuak “Brexitaren Behatokia” deritzon mikrositea sortu du Erresuma Baturako esportazioak egiten dituzten enpresen zalantzak argitu eta informazioa emateko, Brexitak eragindako zalantza giroaren harira. Nafarroako Nazioarteko Planari atxikitako ekimen honen edukia Manu Ayerdi lehendakariordeak aurkeztu die gaur foru Exekutiboko gainerako kideei, Gobernuaren asteazken honetako bileraren barruan. Soilik gazteleraz jarri dute informazioa.

Enpresen zalantzak era pertsonalizatuan artatu eta argitzea da behatoki honen ezaugarri nagusietako bat. Horrekin batera, Nafarroako enpresak kaltetu ahal dituen Brexitari loturiko arriskuak eta inguruabarrak aztertuko dira, sektore estrategikoei eta merkatu horretara gehien esportatzen dutenei arreta berezia emanez.

Informazio eguneratua eskainiko duen mikrosite honez gain, foru Exekutiboak Erresuma Baturako esportazioak egiten dituzten enpresekiko bilera antolatuko du, Brexitaren inguruan zerk kezkatzen dituen egiaztatzeko eta Gobernuak hartutako neurriak zein eskaini ahal dien laguntza ezagutzera emateko. Bestalde, ICEXek (Kanpo Merkataritzarako Espainiako Institutua) informazio-bilera antolatu du abenduaren 13rako, Brexitak enpresetan izango duen eragina aztertzeko.

Nafarroa eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza-harremanak

Erresuma Batua da Nafarroako 2017-2020ko Nazioarteko Planean hautaturiko merkatu estrategikoetako bat, eta lan handia egin da bertan azken hilabeteotan. Zehazkiago esanda, lehentasunezko merkatutzat hautatu da nekazaritzako elikagaigintzarako, automobilgintzarako, energia berriztagarrietarako, osasunerako eta sormen-industrietarako.

Esportazioak. 2017an, salmentetan, Erresuma Batua laugarren merkatua izan zen Nafarroako esportazioetarako. Aurtengo urte hasieraz geroztik, seigarren postura jaitsi da, Estatu Batuen eta Portugalen atzetik (azken datu erabilgarriak 2018ko abuztukoak dira). Guztira, 2013-2018 epealdian, Erresuma Batuak Nafarroako esportazioen % 6 eta 8 bitartean jaso du.

2017an, esportazioak 558,1 milioi eurokoak izan ziren. Kopuru hau aurreko urteetakoa baino txikiagoa da eta litekeena da aurten gehiago jaistea, izan ere, 2018ko abuztura arte, 282,3 milioi euroko salmentak egin ziren, iazko epealdi berean baina % 31,4 gutxiago.

Hala ere, zaila da esportazioetan izandako jaitsiera hau Brexitari egoztea, kontuan hartu beharreko beste faktore batzuk baitaude.

  • Inportazioak. 2017an, inportazioak 106,18 milioi eurokoak izan ziren, Nafarroaren mesedeko balantza komertziala osatuz. Garrantzitsua da automobilgintza bezalako sektoreetarako inportazioen pisua kontuan hartzea, Erresuma Batuarekiko erosketa eta salmenten fluxu bikoitza dakarren heinean.
  • Enpresa esportatzaileak. Iaz, Nafarroako 274 enpresak ondasunak esportatu zituzten Erresuma Batura, eta kopuru hau bere horretan mantendu da azken urteotan. Nabarmendu behar da enpresa hauen % 70 (192) esportatzaile erregularrak direla (esportazioak, gutxienez, ondoz ondoko lau urtetan egin dituzte). Horren arabera, nolabaiteko kontsolidazioa antzematen ahal da merkatu horretan diharduten enpresen artean, bereziki kontuan harturik Nafarroan dauden enpresa esportatzaile guztien artean % 34 baizik ez dela esportatzaile erregularra.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!