'Euskara eta kirola' jardunaldiak: "Elkarteak prest daude euskararen erabilera zabaltzeko, baina laguntza behar dute"

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 15a, 20:27
Euskara eta Kirola Jardunaldiko pàrtaideak

Euskarabideak eta Kirolaren eta Gazteriaren Institutuak Larraintzarren antolatutako saioan euskararen erabilera sustatzeko estrategiak aztertu dira. Ikerketa berri bateko emaitzen aurrerapena eta lau esperientzia positibo aurkeztu dira bertan.

Arantxa Martinez Ultzamako alkateak ireki ditu ostegun goizean Larraintzarko Gizarte Zentroan eginiko jardunaldiak, Euskarabideko zuzendari Mikel Arregi eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari Ruben Goñirekin batera. 

Saio honen hasieran Maite Inda, EMUN taldeko aholkulariak, Nafarroako Gobernuak egindako ikerketa baten ondorio nagusiak aurreratu ditu. Nafarroako eremu misto eta euskalduneko udal eta kirol elkarteei bidali zitzaien galdetegiari emaniko erantzunak aztertzen dira ikerketa honetan. Hemendik datu interesgarri batzuk nabarmendu daitezke, besteak beste, eremu euskaldunean aritzen diren monitoreen %80 euskaldunak direla eta eremu mistokoen artean %30.   

Ikerlan honen ondorioen arabera baztuk lirateke hartu beharreko neurriak euskarak kirolaren alorrean aurrera egin dezan. Horien artean monitore euskaldunen poltsa bat eratzea, elkarteei formakuntzarako, itzulpenetarako eta hizkuntza paisaia euskalduntzeko laguntza eskaintzea eta interesatuei titulua euskaraz ateratzeko aukera eskaintzea leudeke. Oro har, Maite Indak azpimarratu duenez  "Elkarteak prest daude euskararen erabilera zabaltzeko, baina laguntza behar dute". 

Jardunaldi honetan ere lau esperientzia positibo ezagutzeko parada izan da:

Vicent Moreno irakasleak Escola Valenciana fundazioaren ekimena azaldu du valentzieraren erabilera sustatzeko eta, aldi berean, eskoletako patioak futbola ez den beste kirol eta jolasetara zabaltzeko.

Gasteizko Araski saskibaloi elkarteko Amaia Castesanak azaldu du zer nolako bideak jorratzen ari diren klub honetan euskararen erabilera sustatzeko.

Asier Pazos Ultzamako Kirol Teknikariak aditzera eman du zeintzu diren bailara honetan jarraitzen ari diren lan ildoak euskara kirol alor guztietara eramateko.

Bukatzeko Koldo Leoz Lizarrako alkatea ‘Brinka’ ekimenez aritu da solasean. Haurrak jarduera fisikora hurbiltzeko hezkuntza programa elebiduna da hau eta Lizarrako lau eskoletako 100 haur baino gehiago ai dira parte hartzen lehen edizio honetan.  

Esperientzien aurkezpenak bukatutakoan, bertaratutakoak lau taldetan bildu dira proposatutako hainbat gairi buruzko gogoeta egiteko eta jarraian hausnarketa honen emaitzak eta proposamenak eman dira jakitera:

- Kirolaren bidez euskara sustatzeko garrantziaren inguruko sentsibilizazio kanpainak bultzatzea.

- Kirol arloan euskara planak sustatzeko aholkularitza zerbitzu baten eraketa.

- Kirol klub eta elkarteetan euskara irizpideak jasotzeko proposamen bat izatea.

- Euskara eta kirol teknikarien arteko elkarlana sustatzea.

- Kirol monitore euskaldunen lan poltsa eratzea, euskara titulua eskatuz.

- Kirol arloan euskara lantzeko koordinazio bat sortzea Nafarroa mailan.

- Kirol eskaintza ordutegi zentraletan jartzea eta kirol arrakastatsuenak euskaraz eskaini. 

- Euskararen ezagutzari buruzko datuak eskatzeko parte hartzaileei. 

Bukatzeko Julio Soto bertsolariak bertsotan bildu ditu goizean zehar aditutako ideia nagusiak eta horiek guztiak ere ikusgai gelditu dira Make it visual taldeko Aare eta Miren marrazkilariek goiz osoan zehar egindako horma irudian.

Hona hemen Amezti.eus agerkariak plazaratutako hainbat argazki:

Mikel Arregi, Arantza Martinez eta Ruben Goñik hasiera eman diote jardunaldiari:

Maite Inda, Emun-eko teknikaria:

 Vicent Moreno, Escola Valenciana fundazioko ordezkaria: 

Mikel Goldarazena Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko teknikariak aldi bereko itzulpen laguntza eskaini dio Vicent Morenori:

 

Koldo Leoz, Lizarrako alkatea, Brinka programari buruz solasean: 

 

Asier Pazos Ultzamako Kirol teknikaria: 

 

Julio Soto bertsolaria kantari: 

 

Make it visual taldeko Miren eta Aare marrazkilariak:

 

Miren eta Aarek goizean zehar eginiko horma irudia: 

 

 

Erlazionatuak

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!