Altsasuko gazteek bi urte daramatzate espetxean

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 14a, 07:47

Zortzi gazteri ezarri diete zigorra herriko ferietan goizaldean kalez jantzita zihoazen bi guardia zibili eraso egiteagatik. Zazpi espetxean dira eta horietatik hiruk 730 egun daramatzate preso. 

Koxka taberna ondoan izandako liskarraren ondorioz, 730 egun, bi urte, daramatzate kartzelan Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek; sei hilabete, berriz, Jon Ander Cobek, Iñaki Abadek, Julen Goikoetxeak eta Aratz Urrizolak. Herria bete-betean jo duen afera da Altsasuko gazte horien epaiketa eta kartzela. Altsasuko gazte horien gurasoek beren semeek askatasuna erdietsi arte borrokan jarraituko dutela ohartarazi dute.

Duela bi urteko gertakariak

Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien zortzi auzipetuei; guztira, 79 urte, 2016an Altsasun taberna baten kanpoaldean guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuela eta. Gainerakoak espetxean dituzte, orain Zaballa eta Iruñean sakabanatuta urte bat baino gehiago egin ondoren.  Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia "neurriz kanpokoa" delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu "terrorismo" delituagatik. Uda ondorengorako espero zen epaileen deliberoa eta beraz datozen hilabeteetan iritsi daitekeela pentsa daiteke. 

Auzia aztertzeko jardunaldiak izanen dira asteburuan

Esparru anitzeko eta sentsibilitate desberdineko pertsonek parte hartuko dute jardunaldietan. Oraindik ez dituzte lotu izen guztiak, eta datorren astean ezagutaraziko dituzte parte hartzaileak.

Egitarauari begira, azaroaren 16an, arratsaldez, gazte taldeek emango diote hasiera gogoeta saioari, eta euren hitzaldietan, auziaren inguruko gazteen ikuspegia azaleratzeaz gain, etorkizunari nola heldu erreparatuko diote. Jarraian, gizarte eragileek urteotan kalean eman duten erantzunaz eta gizartearen sentsibilizazioaz jardungo dute.

Larunbatean, azaroaren 17an, beste hiru mahai inguru antolatu dituzte. Lehenik eta behin, juristek arlo juridikoaz gogoeta egingo dute, auziaren ondorioez, irregulartasunez eta prebentzio neurrien gehiegikeriaz. Bigarrenik, hainbat kazetarik komunikazioaren esparrutik aztertuko dute auzia, komunikabideek zein sare sozialek rol garrantzitsua jokatu baitute bai Altsasuren aurka jotzeko, bai eta, alderantziz, elkartasun adierazpenak zabaltzeko ere. Hirugarrenik, Europako Batasuneko erakundeetan auzia nola jorratu duten aztergai izango dute. Jardunaldiak egiten diren bitartean, Gazteluko plazan, informazio gune bat egongo da. Han, materiala eta informazioa banatzeaz gain, gazteen egoera adierazteko ziega bat eraikiko dute. Bi egunez, hamabi orduz aldiro, 24 lagun txandaka sartuko dira ziega barruan, gazteek espetxean eman dituzten hilabeteak adina. Aldi berean, kontzertuak egingo dituzte, eta erakusketa bat antolatuko dute: bi urteotako irudiak ikusgai egongo dira. Larunbatean, 17:00etan, gazteen askatasuna aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo dute. Oro har, bi egunotako ekitaldietan parte hartzeko gonbita egin du Pozuetak: «Gonbidapena egiten dizuegu mobilizatzen jarraitzeko, eta bide gogor honetan gurekin segitzeko, zuek gabe are gogorragoa zatekeelako eta, dudarik gabe, izango litzatekeelako». Haren ustez, jardunaldiok balio behar dute gogoetatzeko eta, elkartasuna biltzeko ez ezik, etorkizunera begirako erantzuna ere «modu eraginkorragoan» emateko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!