'Emakumeen aurkako indarkeria. Xake patriarkatuari', jardunaldiak eginen dituzte parlamentuan

Euskalerria Irratia 2018ko aza. 8a, 10:57

Gurasotasun partekatu arduratsua eta indarkeria sexistaren aurkako erantzunak aurkeztuko dira, justizia patriarkalari eta erantzun instituzionalari kritika eginez.

Nafarroako Parlamentuak Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko IV. Jardunaldiak antolatu ditu. Arlo anitzeko ziklo bat da, eta barnean hartzen du "genero-erasoen aurkako eta berdintasunaren aldeko gure konpromisoa partekatzea" helburu duen ekimena, 2016an sortua eta aurten berreskuratu dena; modu sinbolikoan "tratu txarrei aurre egiteko" fotomatoi baten bitartez beteko da helburu hori.

Lehenengo edizioko ondorioak Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko Foru Legea (2015eko martxoan aho batez onetsia) garatzeko baliatu ziren, eta bigarren edizioak, berriz, adierazpen-bide bat eskaini nahi izan zien genero-erasoen biktima diren eta landa-ingurunean bizi diren emakumeei. Hirugarrenaren helburua sistema aldatzen lagunduko duen genero sentsibilitatea indartu eta bultzatzea izan zen. Oraingo honetan, gurasotasun partekatu arduratsua eta indarkeria sexistaren aurkako erantzuna aztertzea izango da helburua.

Xede nagusia, beraz, seme-alaben zaintzan parekidetasuna lortzeko tresnak eskaintzea da, kontuan izanik orain arte tradizionalki amek okupatu dituzten espazioak, aita askok gaur egun exijitzen dituztela.

Hausnarketa espazio honetatik abiatuz, Foru Berria berraztertzeari, gaurkotzeari eta Nafarroaren XXI. mendeko errealitate sozialera egokitzeari buruz eztabaidatu nahi da, eta bestalde, prebentzioaren eta baliabide sareen analisiaren ikuspegitik, indarkeria sexisten aurkako erantzunak baloratu nahi dira, hau guztia justizia patriarkalari eta egungo erantzun instituzionalari kritika eginez.

Ainhoa Aznárez Igarzak, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, azpimarratu du “Foru Berriak indarkeria matxistaren aurkako borrokari ikuspegi eta trataera berezia eman behar diola”, eta zentzu horretan, Nafarroako indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformak koordinatutako Osoko Bilkura Sozialean parte hartzeko deia luzatu du, “2015ean, aldaketaren legegintzaldiaren hasieran onetsitako Foru Legea aztertuko baita”.

Era berean, Lehendakariak herritarrak Parlamentura hurbil daitezen gonbidatu ditu, gaurtik azaroaren 25era arte, “matoiaren” aurkako argazki bat atera dezaten. “Hiri eta unibertsitate desberdinetatik ibili den ekimena berreskuratu dugu, tratu txarrei aurre egiteko deia luzatuz. Horretarako, norberak esaldi bat idatzi behar du emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsiz eta argazki bat atera. Ikastetxeak eta gizarte eragileak gonbidatuko ditugu hemendik pasa daitezen”.

Aznarezek amaitzeko nabarmendu du jardunaldi hauen helburua mugimendu feministekin zubiak eraikitzea dela, “espazio publikoan berdintasun baldintzetan emakumeen ikusgarritasuna bermatzeko, baita komunikazio arloan ere”.

Jardunaldiari azaroaren 13an emango zaio hasiera (17:00etan erabilera anitzeko aretoan) Ainhoa Aznarez Igarzaren, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren eskutik.

Jarraian Ángel Dolado Pérezek hitzaldia eskainiko du, Aragoiko Justizia hautatu berria, Genero indarkeria eta gurasotasun partekatu arduratsua foru eskubideetan. Arantxa Izurdiaga Osinaga izango da moderatzailea, parlamentaria eta Foru Berria berraztertzeko, gaurkotzeko eta Nafarroaren XXI. mendeko errealitate sozialera egokitzeko ponentziako lehendakaria.

Zikloari hurrengo astelehenean, azaroaren 19an (17:00 Osoko Bilkura Aretoan) emanen zaio jarraipena Osoko Bilkura Sozial batekin, eta justiziaren ikuspegitik eta ikuspegi instituzionaletik aztertuko da 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. María Jesús Cala Carrillo, Sevillako Unibertsitateko Psikologia Esperimentalaren Mintegiko irakasle titularrak eztabaida aurkeztuko du egungo justizia patriarkalari eta erantzun instituzionalari kritika eginez.

Jarraian, Steilas sindikatuko Diana Bruño Artazcozek eta Edurne Elizondo Mitxelena kazetariak Emakumeenganako indarkerien prebentzioa aztertuko dute. Olga Aroz Sabanzak, emakume eta adingabeen babesean esperientziadun gizarte langileak eta Izaskun Esparza Artazcozek, genero indarkeria egoeran dauden emakumeentzako harrera-baliabideen arloko langileak, indarkeria sexista pairatzen dutenei arreta emateko baliabide sarearen azterketa egingo dute. Elena Sauca de la Campa, ekonomia feministan eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko aurrekontuetan adituak Indarkeria sexistei erantzuna emateko legeria aplikatzeko aurrekontuari buruz hitz egingo du.

Eztabaidaren ostean, Nafarroako indarkeria sexistaren aurkako emakumeen plataformako bi kidek proposamen eta ondorio dokumentua irakurriko dute, eta Mertxe Leranoz Goñik, INAIko zuzendariak, saioari itxiera emango dio.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!