Altsasuri errespetua zor zaiola eta hala jokatzeko eskatu du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 31a, 13:28

Maria Solana artxiboko irudi batean.

>España Ciudadana plataformak iganderako deitu duen ekitaldia dela eta, Altsasuren eta Nafarroaren "erabilera okerra" salatu ditu gobernuak.
>Gizartea deitu du duintasunean eta "heldutasun demokratikoan" oinarritutako erantzuna ematera. 

España Ciudadana plataformak iganderako deitu duen ekitaldia dela eta, Altsasuren eta Nafarroaren "erabilera okerra" salatu ditu gobernuak. Proportzionaltasuna eta erantzukizuna eskatu diete era berean eragile politikoei, bai erabiltzen dituzten baieztapenetan zein ekintzetan ere. Gizartea deitu du duintasunean eta "heldutasun demokratikoan" oinarritutako erantzuna ematera. 

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran, ondorengo adierazpen instituzionala onartu du: 

Altsasun, heldu den igandean, azaroak 4, España Ciudadana plataformak deituta –Altsasu “leku gogorra” edo “bakoitza dagokion tokian kokatu beharreko leku sinbolikoa” dela bezalako leloen babespean– antolatuko den ekitaldiaren aurrean, Nafarroako Gobernuak honako adierazpen hau helarazi nahi dio gizarte osoari:

1. Elkarbizitzaren aldeko konpromisoaren ikuspegitik, Nafarroako Gobernuak proportzionaltasuna eta erantzukizuna eskatu du eragile politikoen baieztapen eta ekintzetan, eta askatasunaren defentsa, pluraltasuna eta zintzotasuna ezaugarri dituen Nafarroako herriarekiko errespetua aldarrikatu du.

2. Proportzionaltasuna harreman-esparru desberdinetako ezinbesteko osagaitzat aldarrikatzearen aldeko jarreratik abiatuta, harreman politikoak ere barne hartuz, Nafarroako Gobernuak, Altsasuren eta hedaduraz Nafarroaren erabilera okerra errefusatu eta salatu nahi du, gainditu beharreko arerioaren irudia berreskuratu eta behin-betiko baztertu beharko genituzkeen iraganeko muturreko jarreretara bultzatzen gaituzten diskurtsoetan.

3. Altsasuko historia ez da hasten edo eteten 2016ko urriaren 15ean. Gobernu honek ez du data hori baztertu proportzionaltasunaren aldeko aldarrikapenean, baina ez du inola ere onartu Altsasuko izaeraren argazki finkoa denik.

- Horrez gain, Altsasu desberdinen arteko elkarbizitzaren herria izan da historikoki. Garraiobideen arteko lotura-gunea izanik eta industrian nahiz trenbide arloan izandako hazkundea dela bide, pluraltasuna eta aniztasuna herriaren bereizgarri bilakatu dira.

- Altsasu, halaber, gizarte arras ekintzailea da, eskualde hau indar handiz astindu duen azken urteotako krisi ekonomikoari aurre egitean frogatu duen bezalaxe, elkarbizitzan oinarrituta aurrera atera diren etorkizunerako alternatibak eraikiz.

- Horrekin batera, Altsasu eredugarria da bertako herritarren konpromiso sozialaren balioa nabarmentzeari dagokionez, ez bakarrik izaera sozialeko proiektuetan, baita gaixotasun mentalen arretan eta bestelako esparruetan erreferente bihurtu diren proiektuetan ere.

- Eta argazki finkoak bilatuko bagenitu, gogoan izan, Altsasu izan zela errege gauean elurretara abiatu zen herria, errepidean harrapatuta zeuden ehunka pertsona erreskatatu, lagundu eta babesteko.

4. Adierazitako guztiaren karietara eta adierazpen-askatasunaren defentsa irmoan oinarrituta, Nafarroako Gobernuak dei egin nahi dio Altsasuko gizarteari bereziki eta Nafarroako gizarteari oro har, zeinahi neurrigabekeriaren aurrean, duintasun adimendunean, heldutasun demokratikoan eta gizalegean funtsaturiko erantzuna eman dezan.

Deialdi bat baino gehiago

Altsasun batzarra egin zuten atzo España Ciudadanaren ekitaldiari nola erantzun erabakitzeko. Hartara, manifestazioa eginen dute larunbatean, 17:30ean, Utzi bakean Altsasu goiburuarekin. Iganderako, 10:00etan "izaera aldarrikatzailea" izanen duen askatasunaren gune bat antolatuko dute Iortia plazan. Han, musika emanaldiak, kultur jarduerak eta parodiak egingo dituzte jai giroan.

Ez da deialdi bakarra izanen, ordea. Faxismoaren Kontra plataformak Txioka haur eskolan elkartzera deitu du, igandean, 10:00etan. Adierazi dutenez, "faxismoari ez zaio tarterik utzi behar ezer egiteko". Plataformak adierazi du bi deialdiak bateragarriak direla, eta bakoitza erosoen sentitzen den horretan parte hartzera animatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!