Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideak adosteko unea dela adierazi du herritar dinamikak. "Erakundeek eta herritarrok esku artean dugun erronka da hurrengo belaunaldiarentzat erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizuna eraikitzea, askeago eta burujabeago izateko Euskal Herri osoan".Gure Esku Dago-ren ustez, Nafarroan ere erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizun politikoa eraikitzen hasteko garaia da. "Datorren legegintzaldiari begira, estatus politikoari buruzko eztabaida instituzional eta sozialari bide ematea eginkizun nagusietako bat izango da".
Konpromiso hori arrazoiz beteta dago. Giza katea antolatzearekin batera, ekimen bat jarri zuen martxan Gure Esku Dagok herritarrek erabaki nahi izateko dituzten arrazoiak biltzeko. Hausnarketa eta ariketa erabat herritarra izan zen, eta mila lagun baino gehiagok parte hartu zuten herriz herri antolatu genituen dinamiketan. Guztira, 2.019 arrazoi bildu dira dokumentu batean, gaika sailkatuta. Hain zuzen ere, gaur ofizialki Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura ekarri dugun Herritarron Ituna, 2.019 arrazoi erabakitzeko izeneko dokumentuan.
Herritarrek arrazoiz bete dute erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena. Oso dokumentu interesgarria da, herritarron konpromiso eta borondatearen isla den heinean. Uste dugu ordezkari politikoek aintzat hartzeko modukoa dela. Horregatik, ekarri dugu parlamentuetara eta eskatu dugu ale bana ematea talde parlamentario guztiei.
Giza katearen mobilizazioak eta 2.019 arrazoien bildumak adierazten dute 2019. urtean erabakiaren aroa ireki ahal dugula; aukerak badaudela eta herritarroi dagozkigun ardura eta konpromisoak geure gain hartzeko prest gaudela. Gure Esku Dagoren ustez, orain da momentua herritarren 2.019 arrazoi horiei bide emateko, eta erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bideak adosteko. Erakundeek eta herritarrok esku artean dugun erronka da hurrengo belaunaldiarentzat erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizuna eraikitzea, askeago eta burujabeago izateko Euskal Herri osoan.
Gure Esku Dagoren ustez, Nafarroa Garaian ere, erabakitzeko eskubidean oinarritutako etorkizun politikoa eraikitzen hasteko garaia da. Datorren legegintzaldiari begira, estatus politikoari buruzko eztabaida instituzional eta sozialari bide ematea eginkizun nagusietako bat izango da.
Ziur gaude herritarrek, gehien-gehienek, bederen, etorkizunaren jabe izan nahi dutela, estatus politikoa erabaki nahi dutela, libre eta demokratikoki. Horregatik, nahi horri bide eman behar zaio. Heldu beharreko erronka kolektibo bat da.