Indarkeria Sexistei buruzko Nazioarteko Kongresua egiten ari dira Iruñean

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 19a, 12:59

300 lagun elkartuko dira Iruñean, emakumeen aurkako indarkeria mota ezberdinak aztertu eta desagerrarazteko helburuarekin.

Hasi da Iruñean Indarkeria Sexistei buruzko Nazioarteko Kongresua. Ostegunetik larunbatera bitartean, esparru ezberdinetako –abokatuak, ekintzaileak, ikertzaileak edota kazetariak- profesionalak bilduko dira Nafarroako hiriburuan, emakumeen kontrako indarkeria mota ezberdinak "aztertu, prebenitu eta desagerraraztea" lortzeko helburuarekin.

Guztira, 300 bat pertsona batuko dira bertan, Euskal Herrikoak, Estatukoak nahiz Italia, El Salvador edo Eritrea bezalako herrialdeetatik etorritakoak. Biltzarrean hainbat gai jorratuko dituzte: prozesu judizialak eta biktima errudun egitea; kazetarien ardura indarkeria matxistari buruzko kasuen berri ematerakoan; edo jai-giroan ematen diren erasoak. Kongresuari hasiera emateko hitzaldian, Blanca Fernandez Soziologoak hartu du hitza eta unibertsitateko formazioaz, ikerketaz eta ekintza politiko feministaz aritu da.

Unibertsitatean egindako ikerketetan ikuspuntu feminista baldin badago, ikuspuntu hori emakume feministek eman diotelako izan dela eta horrek hala izaten jarraitu behar duela azpimarratu du.

Bestalde, Joseba Asiron alkateak esan du azken urteotan "Iruñea erreferente" bilakatu dela indarkeria matxistaren kontrako borrokan. Horretarako, hainbat faktore kontuan hartu behar direla azaldu du: "batetik, mugimendu feminista sendoa, trebatua eta oso ondo antolatuta dagoela; eta bestetik, erasoekin nazkatuta, gizartea kalera atera zela eta horrelako jarrerarik onartuko ez duela publikoki erakutsiz". Gauzak horrela, Udalak "gizartearen eskaria hartu" duela eta indarkeria matxistaren kontra "modu aktiboan" jardungo duela agindu du Asironek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!