Azaroaren 1ean zabalduko dira Belateko eta Almandozko tunelak

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 17a, 20:27

Egun horretan bertan amaituko dira tunelen itxierarekin lotutako neurriak: N-121-A errepidean trafiko astunaren zirkulazio-murrizketa eta AP-15 autopistan (Iruñea-Irurtzun zatian) Sarasako bidesariaren doakotasuna.

Azaroaren 1ean, osteguna, Belateko eta Almandozko tunelak zabalduko dira, sare transeuropearrean 500 metrotik gorako tunel guztiek bete behar duten Europako segurtasun-araudira egokitzeko tunel barruko obrak amaitu ostean. Horrela azaldu du Belateko eta Almandozko Tunelen Lanetarako Jarraipen-Batzordeak, asteazken honetan, arratsaldean egindako bileran. Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako lehendakariordea izan da bileraburua.

Hauek dira bi tuneletan burutu diren lanak: likido toxikoak eta sukoiak ebakuatzeko drainatze-sistema bana ezarri dira; bide-zoruaren drainatzea zabaldu eta birjartzea; bide-zoru berria fresatzea eta birjartzea (MBC) eta seinaleak; aireztatze, argiztatze iraunkor eta gida-zirkuituetarako suaren kontrako kable-sare berria jartzea. Belateko tunelean, bestalde, 40 metro luzerako eta 3 metro zabalerako bi bazterbideak amaituta daude, hego tunel-ahoaren 360 eta 400 metrora hurrenez hurren. Bai Almandozko tunelean bai Belatekoan isuriak jasotzeko bi kutxatila eta sareta jarri dituzte.

Nafarroako Gobernuak 3,92 milioi euroko inbertsioa egin du egokitze-lan hauek aurrera eramateko. Construcciones Mariezcurrena enpresak ekainaren 4an hasi zituen obrak. Orduan itxi zituzten tunelak, eta, obrarekin amaitzeko, tunelen barruko mantentze-lanak soilik geratzen dira egiteko.

Mantentze-lanak

Gaur egun, Bide Segurtasuneko Atalak eta Belate eta Almandoz tuneletako Kontrol Zentroak egiten dituzte tuneletako mantentze-lanak, eta, horretarako, ezinbestekoa da trafikoa moztea. Batetik, komunikazio-sarea berriro konfiguratzea tunelek Iruñearekin duten irrati bidezko komunikazioaren ordez zuntz optikoko konexioa jartzeko. Baita telebista-zirkuitu itxiko (CCTV) kamerak garbitzea, doitzea eta ainguratzea ere. Eta, bestetik, tunelen barruan eta tunel-ahoetan unean uneko mezuak emateko pantailetan matxurak berrikustea eta konpontzea. Horietaz gain, larrialdietako argiak birjarri eta berriz konfiguratzea, SOS zutoinen armairuak eta suteetako ur-harguneak lixatzea eta margotzea, eta suteak detektatzeko eta itzaltzeko sistemak ikuskatzea izan dira amaitzear dauden lan nagusiak.

Era berean, tuneletako segurtasun-sistemen kudeaketa informatikoko aplikazioak ordezteko lanak egiten ari dira.

Murrizketarik gabe

Ayerdi lehendakariordeak azaldu duenez, azaroaren 1ean kenduko dituzte ekainaren 4tik indarrean dauden trafiko-murrizketak. Hain zuzen, N-121-A, NA-1210 eta N-121-B errepideetan lau ardatz edo gehiagoko merkantzia-ibilgailuen trafikoari soilik eragiten diotenak, eta bizikleten zirkulazioa zein kirol-ekitaldiak NA-1210 errepidean debekatzen dituztenak ere. Bestalde, AP-15-ean, Sarasan (Iruñea-Irurtzun tartean), ibilgailu astunentzako doako bidesaria amaituko da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!