Gripearen kontrako txerto kanpaina gaurtik aurrera, martxan

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 15a, 08:16

Osasun Departamentuak txerto tribalentearen 123.000 dosi erosi ditu urtaroko gripearen aurkako hurrengo kanpainarako, 332.592 euroko kostuarekin. Txertoa doan banatuko da gaixotasun honekiko arriskurik handiena duten kolektiboen artean: 60 urtetik gorakoak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak eta osasun arloko langileak.

Kanpaina urriaren 15ean hasi eta azaroaren 30a arte luzatuko da, Osasun kontseilari Fernando Dominguezek gaur prentsaurrekoan adierazi duenez. Dominguezekin batera izan dira prentsaurrekoan Osasunbideko (O-NOZ) Lehen Mailako Arretako zuzendari kudeatzaile Santos Induráin eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Gaixotasun Kutsakorren eta Txertaketen ataleko arduradun Aurelio Barricarte.

Domínguezen esanetan, gripearen aurkako txertaketa ekintza solidarioa da, izan ere, dosiaren jasotzailea babesteaz gain, birusaren kateko kutsaketa prebenitu eta osasun sistema publikoaren eraginkortasuna hobetzen du.

Nafarroako biztanleegan gripeak eragindako morbimortalitatea murriztea da gripearen aurkako kanpainaren helburua, pertsonarik ahulenen eta gripeak osasun-egoera gehien kaltetu ahal dien pertsonen immunizazioaren bitartez.

Arestian aipatutako arrisku taldeez gain, txertaketa gomendatu zaie konplikazioak izateko arrisku handiko pertsonei gripea igorri ahal dieten guztiei; hala nola, erakunde geriatrikoetan edo egoiliarrekiko zuzeneko harremana duten gaixo kronikoen zainketarako zentroetan lan egiten dutenei, arrisku handiko pazienteei etxeko zainketak ematen dizkieten pertsonei, edota etxean arrisku handiko pazienteekin (haurrak barne) bizi direnei.

Gomendio hau funtsezko zerbitzu publikoetako langileentzat ere balio du. Horien artekoak dira segurtasun indarretakoak, suhiltzaileak, babes zibilekoak, osasun-larrialdietako zerbitzuetan lan egiten dutenak, espetxeetakoak edo ebazpen judizialaren ondorioz barneratzeko zentroan daudenak, edota edozein hezkuntza-mailatako irakasleak.

Gripearen aurkako txertoarekin batera, txerto pneumokozikoa jarriko zaiei 65 urtetik gorako pertsonei eta aurretiaz hartu ez duten arrisku handiko pazienteei.

Santos Induráinek azaldu duenez, txertoaren konposizioa desberdina da denboraldi bakoitzean, eta horren harira, urtero jartzea gomendatu du, txertoak gripea eragiten duela edota osasun-egoera onean txertoa ez dela beharrezkoa bezalako uste okerrak baztertuz.

 

% 50eko estaldura 2017-2018ko kanpainan

Aurreko denboraldian lortutako estaldura globala % 50ekoa izan zen, baina estaldura hori dexente handiagoa izan zen 65 urtetik gorako pertsonengan (% 58) 60 eta 64 urte bitartekoengan baino (% 24). Nolanahi ere, talde batean zein bestean, Estatuko batez bestekoa gainditu zen.

Gaixotasun kronikoak izanik gripeak konplikazio larriak eragin ahal dizkien pertsonen kolektiboari dagokionez, estaldura batez bestekoa baino handiagoa izan da, baina ez da iritsi balio desiragarrietara.

NOPLOIk egindako ikerlanaren arabera, gripearen aurkako txertaketak 230 heriotza saihestu zituen aurreko denboraldian, baita gripeari buruzko 2.000 kontsulta arrisku handiko pertsonen artean, gripeak eragindako 300 ospitalizazio eta ZIUko 40 egonaldi ere.

2017-2018 denboraldian, gripearen sindromeari atxikitako 19.276 kasu egon ziren Nafarroan (31 kasu 1.000 biztanleko). Tasa hau aurreko bost denboraldietako baino handiagoa izan da (20-28 kasu 1.000 biztanleko), aurtengo denboraldiko gripea intentsitate handikoa izan daitekeela iradokiz.

NOPLOIren arabera, txertoaren eraginkortasuna % 39 eta % 79 bitartekoa da egiaztatutako gripe kasuak prebenitzeko, baina eraginkortasun hori pazienteen ezaugarrien araberakoa da. Erantzun immune murrizteko edo adin handiko pertsonen kasuan, txertoak huts egiteko arriskua handiagoa izan ohi da, eta ondorioz, txertaketarekin batera beste neurri prebentibo batzuk hartzea ere gomendatzen da.

 

Informazio praktikoa

Nafarroako Gobernuaren webguneko atal berezi batean, gripearen prebentzio eta tratamenduari buruzko informazio pratikoa bildu da, maiz egin ohi diren galderei erantzunez, jokatzeko aholkuak emanez gaixotasuna hartzekotan eta kutsatzeak saihesteko neurriak iradokiz.

Gripe-prozesuaren aurrean garrantzitsuena norberak bere burua zaintzea da. Bigarrenik, zalantzak izanez gero, herritarrek laguntza eskatu ahal diete Osasun Aholkuaren Zerbitzuko Erizaintzako profesionalei 948 290 290 telefonoan (astelehenetik ostiralera, 14:30etik 21:30era bitartean, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, 8:00etatik 22:00etara bitartean), eta hirugarrenik, konplikazioak egotekotan edo pertsona ahulen kasuan, ohiko Osasun Zentrora joan daiteke. Laugarren laguntza-maila Ospitalez kanpoko Larrialdiak dira, eta, bosgarrena Ospitaleko Larrialdiak, baina azken hauek kasurik larrienetarako erreserbatu behar dira.

Inkubazio-aldia eta sintomak

Urtaroko gripea eritasun biriko infekziosoa da, airez transmititzen dena, bereziki esparru itxietan dauden pertsonen artean.

Bat-batean hasten da, eta egun bat eta hiru egun bitarteko inkubazio-aldia du; hiru eta bost egun bitarteko transmisio-aldia helduengan hasten den uneaz geroztik, eta hiru eta zazpi egun bitartekoa haurren kasuan.

Sintomen artean, sukar altua, egoera orokorraren gaineko kaltea, buruko mina, muskuluetako mina, goserik eza, nekea, sudurreko kongestioa, eztarriko narritadura eta eztula nabarmen daitezke, besteak beste.

Sintomak, normalean, astebeteko epean desagertzen dira, aztarnarik utzi gabe, baina larriak izan daitezkeen konplikazioak sor ditzakete arriskuko taldeei atxikitako pertsonengan. Kasurik gehienetan, aski izaten da etxean atseden hartu eta analgesiko nahiz antitermikoen bidezko tratamendu sintomatikoa egitea. Jatorri birikoa duenez, ez da gomendatzen gripeari tratamendu antibiotikoa ematea, ez baita eraginkorra.

Tabakoak arnas aparatuko infekzioak areagotzen ditu, organismoaren berezko defentsa mekanismoak ahultzen dituen neurrian, eta ondorioz, erretzaileei ez erretzea gomendatzen zaie konplikazioak saihesteko.

Haurrengan, arazo gastrointestinalak (goragalea, gorakoa edo beherakoa) ager daitezke arnasketako arazoekin batera, eta adin handiagoko pazienteegan ohikoagoa da arnasketarako zaintasunak agertzea, azpian dauden patologiak okertzea eta sukarrik ez egotea. Konplikaziorik ohikoenak, pneumonia biral primarioa eta pneumoria ere bilaka daitekeen arnas-infekzio bakteriano sekundarioa dira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!