Koxka taberna ondoan izandako liskarraren ondorioz, 700 egun daramatzate kartzelan Adur Ramirez de Aldak, Jokin Unamunok eta Oihan Arnanzek; bost hilabete, berriz, Jon Ander Cobek, Iñaki Abadek, Julen Goikoetxeak eta Aratz Urrizolak. Herria bete-betean jo duen afera da Altsasuko gazte horien epaiketa eta kartzela. Altsasuko gazte horien gurasoek beren semeek askatasuna erdietsi arte borrokan jarraituko dutela ohartarazi du Isabel Pozuetak atzo herrian egindako ekitaldi jendetsuan. "Behin-behineko presoaldia zuhurtasun neurriaren erabilera maltzurra da, beste zigor bat gehitzen ari baitira". Altsasuko gazteak kartzelan daude, epaia irmoa ez bada ere. Are, Ramirez de Alda, Unamuno eta Arnanzen kasuan, fiskalak segurtatu du behin-behinean kartzelan egonen direla zigorraren erdia bete arte, gutxienez. Hori "mendekua" dela diote gurasoek.
Orain, Espainiako Auzitegi Nazionalaren zain dira, epaiari jarritako helegitearen ebazpena noiz aterako. Horren arabera erabakiko dute zer bide hartu. Gazteen askatasuna lortu ezean, manifestazio handi bat egiteko asmoa dute. "Gorenera jotzen badugu, gizarteak berriro erakutsi beharko du benetako justizia nahi dugula. Epaileek entzun beharko dute". Beharrezkoa balitz, Konstituzionalera eta Europako Giza Eskubideen Auzitegira joko lukete, "askatasuna lortu arte".
Duela bi urteko gertakariak
Ekainean, Espainiako Auzitegi Nazionalak bi eta hamahiru urte arteko zigorra ezarri zien zortzi auzipetuei; guztira, 79 urte, 2016an Altsasun taberna baten kanpoaldean guardia zibil batzuekin eta haien bikotekideekin izandako liskar batengatik. Ainara Urkijo zigortua ez dago preso, bi urteko kondena jaso zuela eta. Gainerakoak espetxean dituzte, orain Zaballa eta Iruñean sakabanatuta urte bat baino gehiago egin ondoren. Defentsak aurkeztua du epaiaren aurkako helegitea, erabakia "neurriz kanpokoa" delakoan. Fiskaltzak ere aurkeztuta du, ez dituztelako zigortu "terrorismo" delituagatik. Uda ondorengorako espero zen epaileen deliberoa eta beraz datozen hilabeteetan iritsi daitekeela pentsa daiteke.