Nafarroako Liburutegiak emakume erreboltari eta urratzaileak omenduko ditu Emakume Idazleen Egunean

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 11a, 17:08

Astelehenean ospatuko dute; ekitaldiak 18:30ean hasiko dira María del Villar Berruezo poeta eta dantzariaren omenezko erakusketa baten inaugurazioarekin.

 

Heldu den astelehenean, urriak 15, Nafarroako Liburutegiak Emakume Idazleen Eguna ospatuko du  hirugarren urtez; aurten, “Emakume erreboltariak eta urratzaileak” lelopean. Ekitaldi guztiak proiekzio aretoan eginen dira 18:30etik aurrera.

1888an Tafallan sortu eta 1977an hil zen María del Villar Berruezo poeta eta dantzaria izango da aurtengo protagonista. Urriaren 15ean, 18:30ean, haren bizitza eta lanari buruzko erakusketa inauguratuko da Nafarroako Liburutegian, eta bertan bildutako objektu pertsonalen artean, XX. mende hasierako hamarkadetan Europako agertoki nagusietan arrakastaz arrakasta erabili zituen soinuetako batzuk izango dira ikusgai. Erakusketa azaroaren 15era arte bisitatu ahalko da.

Jarraian, 19:00etan, era askotako testuak (ipuinak, artikuluak, poemak, etab.) irakurriko dira proiekzio gelan. Bertan izanen dira, Nafarroako Gobernuaren izenean, Vianako Printzea Erakundeko Kultura zuzendari nagusi Dori López Jurío eta Liburutegien Zerbitzuko zuzendari Asun Maestro, baita Gaiarre Antzokiko zuzendari Grego Navarro eta idazle hauek ere: Marina Aoiz eta María José Berruezo idazleak (María del Villar Berruezoren testu bat irakurriko dute); Ventura Ruiz (Ana María Matuteren ipuin bat); Marta Castaño (Alejandra Pizarniken poema bat); Maite Sota (Magda Donato eta Eva Nelkenen artikulu bat); Goizeder Lamariano (Carmen Martín Gaiteren testu bat); Regina Salcedo (Miyó Vestriniren poemak); Arantza Amezaga (Delmira Agostiniren poema bat); Leire Olkotz, Ana Artajo eta Ana Maestrojuan ere.

Horiez gain, Blanca Inés Rubio kantautoreak eta Surya Belloso Aoiz dantzariak parte hartuko dute.

Hirugarren urtez, emakumeak 

Ekimen hau 2016an bultzatu zuten Liburutegi Nazionalak, Clásicas Elkarteak eta Emakume Zuzendarikide, Exekutibo, Profesional eta Enpresarien Espainiako Federazioak (FEDEPE), eta denboraren poderioz, liburutegiak, elkarteak eta era askotako erakunde publiko eta pribatuak gehituz joan zaizkie. Urtero, gai bat proposatu eta emakume idazle kopuru jakin bat omentzea erabakitzen da, bizirik edo hautaturiko gaiari lotuta jardunean dauden emakumeak baztertuz. Horrela, lehendabiziko urtean, Estatuko hizkuntza ofizialak aintzat hartu ziren, eta iaz, lema “Emakumeak, jakinduria eta boterea” izan zen.

Nafarroan, gainera, komunitateari lotutako emakume idazleak omendu ohi dira. Horrela, lehendabiziko urtean, Carmen Baroja, Francisca Sarasate eta María del Carmen Navaz Sanzen testuak irakurri ziren, eta iazko edizioan, Julia Guerra, María Markotegi eta María Luisa Eliorenak.

Teresa Jesusenaren egunean egin ohi den ospakizun honen bitartez, emakume idazleen legatua berreskuratu, emakumeek literaturan egindako lana bistaratu eta historian zehar jasan duten diskriminazioa gainditu nahi da.

Beste jarduera batzuk

Bestalde, asteartean, hilak 16, 19:00etan, Fernando Pérez Borbujok eskainiko duen “Orain pentsatzea, mundua pentsatzea” izenburuko hitzaldiarekin, hasiera emango zaio Ramón Andrések zuzendutako filosofiari buruzko zikloari. Liburutegiko proiekzio-aretoan egingo da, urrian eta azaroan.

Bestetik, asteazkenean, urriak 17, 18:30ean, Circunstancia konpainiak Emakumeak eta neskatilak deritzon ikuskizuna eskainiko du Ana Jakaren parte-hartzearekin; eta ostegunean, hilak 18, mahaingurua antolatuko da María del Villarren bizitza eta lana aztetzeko, haren iloba María José Berruezo, Marina Aoiz poeta eta dantzariaren izena daraman fundazioko Iosu Cabarbayen partaide direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!