“Kontseiluak aurreko astean Parlamentuan hizkuntza-eskubideak bermatzeko lege proposamena aurkeztu zuen Parlamentuan. Gure proposamenean herritarrak erdigunera ekarri ditugu. Urriaren 27an herritarrak erdigunera etortzeko deia egin nahi dugu”, horrela eman dio hasiera agerraldiari Paul Bilbaok.
Mobilizazioaren ezaugarritzearen inguruan zer esan du: “Urriaren 27koa, bilatzen dugun egoeraren irudia izango da, mobilizazio performatiboa izango da, alegia. Hiru zutabetan ekingo diogu bideari 17:00etan: Gazteluko plazatik, Medialuna parketik eta Iturrama eta Abejeras kaleen arteko bidegurutzetik. Zutabe bakoitzak aldarrikapen bat izango du ardatz: justizia, berdintasuna eta kohesioa. Eta hiruok esango dute Behingoz”.
Ekitaldia egingo da ondoren, autobus geltokiko belardian. Hau ere irudikatzailea izango da. Herritarrek izango dute lekua, garrantzitsua baita haien bizipenei leku ematea eta alde ludikoa ere izango du. Aurrerago emango da honen berri.
Kontseiluko eledunak gogorarazi du ‘behingoz’ aldarrikatzearen esanahia. Izan ere, “30 urte daramatzagu aldarrikapenak egiten, proiektuak sortzen eta eraikitzen genituen bitartean. Orain, aukera erreala sortu da nafar guztiok berdintasunean hartuko dituen Euskararen Lege berria idazteko. Ez dago zonifikazioa ez gainditzeko inolako arrazoirik. Galdetu genien joan den astean Parlamentuan egon ginenean arduradun politikoei eta ez dugu arrazoirik jaso. Horregatik diogu orain dela unea, egoera irauli eta euskarari Nafarroa osoan ofizialtasuna aitortzeko”.
Hiru zutabeetan abiatu, baina bakar batean amaituko du ibilbidea 27ko mobilizazioak. “Hiru zutabeak bakearen plazara inguratzen direnean, zain izango dituzte Kontseiluko bazkideak, ‘Euskara ofiziala Nafarroa osoan, behingoz’ aldarrikapenak batuta. Guztiok batera egingo ditugu azken metroak, autobus geltoki ondoko belardian egingo den ekitaldiko oholtzaraino”, azaldu du Bilbaok.
Euskal Herri osoko euskaltzale guztiei dei egin die Kontseiluak mobilizazioan parte hartzera. “Une honetan, Nafarroako egoerak behar du bultzada, baina guztioi dagokigun zerbait da, ez da soilik pertsona batzuen erantzukizuna. Herri bezala erantzun behar diogu injustizia egoera honi”.
Une garrantzitsua bizitzen ari gara. Orain gauzatu daiteke benetan hainbeste aipatzen den aldaketa eta hori bultzatu egin behar dugu. “Ardura politikoa dutenei, gogorarazi behar diegu erantzukizunez jokatu behar dutela. Guk, dagokigun erantzukizuna aintzat hartuta jokatzen ari gara eta haiei ere momentuak eskatzen duen tamainan erantzutea dagokie.