Hiltzen dituzten animalien azken uneak jaso dituzte bideo-dokumentalean

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 9a, 13:34

Nor izeneko talde antiespezistaren ikerketa lana da; Hiltegiak Euskal Herrian: heriotza eta erresistentzia. Bideo-dokumental batean jaso dute Euskal Herriko hamar hiltegik nola akabatzen duten behi, txerri, ardi, untxi edota oiloen biziekin.

Nor izeneko talde antiespezistaren ikerketa lana da: Hiltegiak Euskal Herrian: heriotza eta erresistentzia. Bideo-dokumental batean jaso dute Euskal Herriko hamar hiltegik nola akabatzen duten behi, txerri, ardi, untxi edota oiloen biziekin. Iaz Nafarroan 61 milioi animalia hil zituzten. Ikerketa lan honek hausnarketa bat egitea du helburu: gizakiok zer nolako harremana dugun beste animaliekin aztertzea, adibidez. 

 

“Ez dute hil nahi. Beldurra sentitzen dute. Ez da toki arrotz batean direlako, besteen odolaren usaina sumatzen dutelako baizik, besteen oihuak entzuten dituztelako. Txerriek eta behiek, batez ere, badakite zer gertatuko den. Eta ez dute hil nahi. Hiltegietan erresistentzia bada”. Nor Euskal Herria Antiespezistak urte eta erdiz egin du lan, ezkutuan, gizakiek esplotatzen dituzten gainerako animalien bizitzaren azken uneetan gertatzen dena ezagutzeko, dokumentatzeko eta erakusteko. Hil nahi ez duten gizakiz besteko animaliak sartzen dituzte indarrez hiltegiotan, eta hil nahi ez dutela erakusten dute. Erresistentzia horren lekuko izan dira Nor taldeko kideak. Los Muros-ek norbanako horien esperientziak, emozioak eta bizipenak jarri ditu mahai gainean. 

Euskal Herriko eta hemengo dendak hornitzen dituzten hamar hiltegitan izan dira. Gizakiok erabakitzen dugu gizaki ez diren animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hilko diren, eta prozesu horren azken kate-begia dira herritarren begiradatik kanpo egon ohi diren hiltegiak. Toki itxiak dira. Ilunak. Zarataz eta oihuz betetako hiltzeko tokiak. Hiltegietako arduradunek ez dute han gertatzen dena erakutsi nahi, argi baitute hiltegien barruko irudiek industriari kalte egiten diotela. “Ez dugu argazkirik edo bideorik nahi; irudiak argitara ateratzen badira min egiten digute”. “Niri bost axola jendeak Turkiako hiltegi bateko irudiak ikustea, baina ez dut nire hiltegia ikus dezaten nahi”. Esaldi horiek dira Nor kolektiboak ezagututako hainbat hiltegitan entzundakoaren lagin bat. 

Hiltegietan aritzen diren langileek ere onartu dute agerikoa dela han sartzen dituzten animaliek ez dutela hil nahi. Nafarroako hiltegi bateko langile batek argi eta garbi esan du: “Ardiak tuntunagoak dira, baina usaintzen dute; arrek, askotan, ez dute sartu nahi. Aurretik hildakoaren odola usaintzen dutelako. Beldur dira, noski, haztegitik atera diren lehen aldian hiltegira eramaten dituztelako. Ezagutzen ez duten toki batean dira, eta beldur dira. Baina, batez ere, nire ustez, odolaren usaina sumatzen dute”.

Sistemak zapaldutako langileak aritzen dira hiltegiotan, sistemak zapaldutako gizaki ez diren animaliak akabatzen. Datu bakar batek ematen du errealitate horren irudi argia: Nor taldeko kideek ezagututako hiltegietako batean langile guztiak ziren migratzaileak. Industriaren beharrek ekartzen dute sistemak berak ezarritako neurriak ez betetzea, eta horrek langileon baldintzei eragiten die, bai eta animaliak hiltzeko moduari ere. Berez bidegabea den egoera bat are bidegabeago eta mingarriago bilakatzen da. “Nik denbora asko daramat hemen lanean, eta lanak ezatsegina izaten jarraitzen du”, esan du hiltegi bateko langile batek. “Ez da atsegina animalia bat ikustea zortzi litro odol galtzen, baina hori da gertatzen dena, hori da ohikoa”, erantsi du beste batek.

64,5 milioi baino gehiago, 2017an

Urte eta erdiz, milaka ardi, arkume, behi, oilo, txerri eta behiren heriotzaren lekuko izan dira Nor kolektiboko kideak, animalion azken minutuan. Munduan, 70.000 milioi ugaztun eta hegazti hiltzen dituzte, urtean. Euskal Herrian ere, milioika dira hiltegietan hiltzen dituzten gizakiz besteko animaliak. Hego Euskal Herrian, 2017. urtean, 64,5 milioi animalia baino gehiago hil zituzten; haietako 61 milioi baino gehiago Nafarroan hildako hegaztiak ziren, eta bi milioi baino gehiago, berriz, untxiak. 

Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban 117.798 ardi, behi, ahuntz, txerri eta zaldi hil zituzten, iaz. 2012tik, Eusko Jaurlaritzaren estatistikek ez dute hildako hegaztien eta untxien berri jasotzen. 2012an, ia 11 milioi hegazti hil zituzten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, eta 1,4 milioi untxi. Urte horretan, denera, 52.836.706 gizakiz besteko animalia hil zituzten Nafarroan, eta 12.424.116, berriz, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroako Gobernuarenak eta Eusko Jaurlaritzarenak dira datuak.

Gizakiz besteko animaliak noiz jaio, nola bizi eta noiz eta nola hilko diren erabakitzen dugu gizakiok. Hori gertatzen da beste animaliak objektu edo baliabide huts bilakatu ditugulako, sistema ekonomiko bateko pieza huts. Hiltegian, azken minutua dute erresistentziarako, eta aprobetxatzen dute. Hil nahi ez dutela erakusten dute. Ez direlako objektu. Ez direlako baliabide. Sentitzeko gai diren norbanakoak direlako. Gizakiz besteko animaliak esplotatzen dituzten abeltzainek ere onartu behar izaten dute. “Joan egin dira hiltegira, ni etxean geratu naiz, gazta egiten. Autoaren hotsa desagertu denean, beste bat gailendu da: 10 ardiren marrua. Ez da gose-marrua, ez da egarri-marrua ere. Beren arkumeen bila ari dira, batetik bestera. Gainontzekoak usnatzen dituzte eurena topatzeko esperantzan. Halaxe emango dituzte bizpahiru egun, etsi arte”. Euskal Herriko gaztagile batek idatzitako hitzak dira, 2017ko otsailean zuzeu.eus orrian jasotakoak. “Ilusioaren garaitzat” jotzen zuen abeltzain horrek arkumeen jaiotzarena, bere artikuluan; “traizioarena” zen, berriz, arkumeak ardiei kendu eta hiltegira eramatekoa. 

Sistema espezistak egiten diena da gizakiz besteko animaliek egunero sufritzen duten traiziorik handiena.

Beste espeziekiko errespetuz bizitzeko hautua egin dute askok. Eta bide horrekin bat egiten duten guztiak deitu dituzte azaroaren 5ean Bilbon eginen duten manifestazioan parte hartzera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!