Emausko Trapuketariek espazio handiagoa dute

Euskalerria Irratia 2018ko urr. 8a, 08:31

Lekualdaketa egin dute eta larunbatean estreinatu zuten toki berria: Sarasako pabiloia utzi eta Berriozarrera egin dute salto. 20.000 metro koadroko tokia izanen dute orain. 

Baliabideak berriz erabili daitezkeela sinetsirik daude Emausko Trapuketariak. Eta hala daramatzate hainbat urte, lanean. Arropari, altzariei, jostailuei... bigarren aukera bat ematen ahalegintzen dira. "Ekonomia zirkularra posible da" goiburuarekin egiten dute aurrera. Baliabide horiek guztiak norbanakoengandik jaso eta saltzeaz gainera, bigarren aukera hori lortzeko tailerra ere badute. "Baliagarria denak ez du zertan baliagabe izatera pasa", diote. 

Berriozarren izanen dira hemendik aurrera 20.000 metro koadroko espazio batean. Gipuzkoa errepudeko 11.ean daude zehazki. Oraindik ez dituzte Sarasako egoitzan zituzten gauza guztiak lekualdatu baina gutxika eginen dute eta udaberrirako guztia aldatuta izatea espero dute. "Hezkuntza zibikoaren eta ingurumenaren aldeko erakuslehio izaten segitu nahi dugu", azaldu dute. 

Larunbatean ekin zioten ibilbide berriari espazio berrian. Bertan izan ziren Iruñerriko Mankomunitateko presidente Aritz Aiesa eta baita Berriozarko alkatea ere, Raul Maiza. "Plan Integralarekin bat datorren ekimena da hauxe", azaldu zuen Aiesak. Gogorarazi zuten Emausko Trapuketariek etxez etxeko lana egiten segitzen dutela, alegia, altzari edo ekipamendu handien bilketa egiten segitzen dutela. Iaz, 57.000 abisu jaso zituzten etxebizitzetatik 2016an baino %2 gehiago. Horrez gain, kalean botata zeuden beste hainbat gailurengatik 29.000 abisu ere jaso zituzten. Horretaz ohartarazteko Iruñerriko Mankomunitateak kanpaina berri bati ekin dio: 'Ez utzi bazterrean'. 

Ekimen ugari egiten segituko dute Trapuketariek

  • Domesti-k. Hilabeteko azken larunbatetan eginen dute. Juanjo Iriartek tailerrak eskainiko ditu etxean gertatzen ahal diren matxurak konpontzen laguntzeko. Aukera asko: bonbilak aldatzea, grifoetako hodiak garbitzea, pertsianak konpontzea... baina baita ateetako giltzarrapoak aldatzea, iturgintza eta elektrizitate kontuak ere. 
  • Recycles. Hilabeteko azken ostegunetan egiten segituko dute. Dani Lekunberri arduratuko da bizikleten inguruko tailerra egiteaz. Ia gertatzen ahal den edozein matxura bideratzen jakitea erakutsiko du. 
  • Elektroni-k. Hilabeteko bigarren ostegunetan eginen dute. Teknologia eta informatikarekin hartu emana eginen dute, ordenagailuari bigarren aukera bat emate aldera. Baita mobilari eta kontsolei ere. 
  • Ñam Ñam: Hilabeteko hirugarren ostegunean. Julio Flames chef-ak erakutsiko du zer egin soberan geratzen diren elikagaiak aprobetxatzeko. 
  • Cosicas. Hilabeteko bigarren larunbatetan eginenn dute. Objektuak berriz erabiltzeko aukera aztertzea eta transformatzea. 
  • Entretelas. Hilabeteko lehen larunbatetan. Aiora Ganuzak arropa nola berrerabili erakutsiko du. 
  • Ipini Again. Hilabeteko hirugarren larunbatetan izanen da. Edurne Ibañezekin arroparen trukea egiten ahalko da. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!