Hezkuntza Ituna sinatu ez dutenen ahotsa ez dutela entzun nahi salatu du ELA sindikatuak. Parlamentuan lehendabizi Itun hori sinatu duten sindikatuen agerraldia izanen da arratsaldean; LAB, Steilas, Afapna, Comisiones Obreras, Anpe eta UGTrena; eta ondoren, aurreikusia zegoen ELArena, Ituna ez sinatzea zergatik erabaki duten azaltzeko. Halakorik baina ez da izanen azken unean hala erabaki duelako parlamentuko mahai eta eledunen batzarrak, Podemos-Ahal Duguk hala eskatuta. "Guretzat onartezina da Nafarroako Parlamentuak sindikatu ez sinatzaileon kritika isildu nahi izatea. Hau erabaki antidemokratikoa da erabat. Honekin Parlamentua erabili nahi da ahotsa emateko bakarrik Hezkuntza Departamentuari baitza eman diotenei. Hau berehala zuzendu behar den gertakizun larria da, eta horregatik ELAk exijitzen du hezkuntza publikoa indartu eta murrizketan leheneratzeko bere proposamena azaltzeko aukera", azaldu dute. Jokabide antidemokratiko hau Itunaren negoziazio prozesuan ere gertatu zela salatu dute era berean.
Inbertsio eskasa eta zehaztasunik ez
Kritikoak dira ELA sindikatuan Hezkuntza Itunarekin. Uste dute ez dela nahikoa aurrera egin eta murrizketak gainditzeko eta horregatik ez dute babestu. Inbertsio eskasegia egiten dela, zehaztasun falta dagoela eta egutegirik gabekoa dela nabarmendu dute. Itunaren neurrien artean; bigarren hezkuntzako orduen jaitsiera 2018-19 ikasturterako (negoziazioak 2017ko martxoan hasi genituen eta Gobernuak ez du borondate politikorik eduki orduen jaitsiera 2019-20 ikasturtea baino lehen egiteko), ikasle-gela ratioak murriztea, behin-behinekotasun larriari (%33) aurre egitea plantilak egonkortuz, ordezkapenak lehen egunetik egitea eta eros-ahalmena berreskuratzea (15%) falta dira. Honez gain, Gobernuak ikasturte honetarako iragarri duen lehenengo neurria eskasa eta iruzurra dela ikusi dugu dagoeneko. Haur eta lehen hezkuntzako irakasleei irakaskuntza zuzeneko 2 saio gutxitzeak 300 irakasle berri kontratatzea behar zuen kalitateari eutsi nahi bazitzaion, eta gobernuak aldiz 136 solik kontratatuko ditu. Ondorioz, eskolek balibideak eta zerbitzuak galduko dituzte. Ordezkapenei dagokienez, itunaren zehaztapen faltak tresnarik gabe utzi gaitu Gobernua berehalako ordezkapenak egitera behartzeko. Ikasturte hasierako ordezkapen irizpideetan oraindik ageriago dagoen zehaztapen falta eta anbiguotasuna lotsagarriak dira. Ordezkapenak lehen egunetik egin daitezen tinko exijitzen jarraituko dugu.
Parlamentuak hartu duen jarrera salatu du ELA sindikatuak. Jarrera kritikorik ez dutela entzun nahi uste dute.