Nafarroako Kutxaren desagertzea ikertzen duen batzordea elkartu da gaur eta CANeko kontseiluko presidente izandakoaren azalpenak entzun dira, Jose Antonio Asiainenak. Ez du desagertzeaz hitz egin baizik eta eraldaketaz. 2007 eta 2017 urteen artean ondarearen galera 958 milioi eurokoa izan zela esan du, Banca Civicaren isurketaren erruz eta Burtsaratzeagatik gero. Dena dela, Nafarroako Kutxak ezin izanen lukeela bakardadean aurrera egin uste du Asiainek.
Hasteko esan du, CANek trasformazio prozesua bizi zuela, inondik inora desagertzerik, izan ere, finantza entitate izatetik fundazio izatera pasa zen. Krisiaren eraginez eta araudien aldaketen eraginez izan zela nabarmendu du Asiainek. Aldaketa hori dena dela, normaltzat jo du Asiainek, Kutxa guztiei gertatu zitzaielako. Eta are gehiago. Orain atzera begira jarrita gauzak oker egin zirela esatea, errazegia dela uste du.
CANeko presidentziara sartu zenean, bere kudeaketa ikuskatua izan zela nabarmendu du: administrazio kontseilutik batetik eta kontseilu orokorretik bestetik. Behar izaten zenean, Espainiako Bankuak ere ikuskatzen zuela nabarmendu du. Hori bai, 2012an Kutxako presidentziara iritsi zenean honexekin egin zuen topo: "Ikuskaritza falta handia zegoen, likideziarik ez zen eta ezin zien aurre egin erronkei Kutxak berak".
Datozen hilabeteotan bereziki aztertuko dute zenbaterainoko ikuskaritza falta izan zen Kutxaren barruan. Horretarako UPNren garaiko goi kargudunak izanen dira parlamentuan azalpenak ematen. Urtea amaitu aurretik izanen dira bertan Yolanda Barcina eta Miguel Sanz presidente ohiak.