Beaumont sailburuak babesa eta elkartasuna erakutsi die SOS Nafarroako langileei

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 25a, 17:18

Argazkia: María José Beaumont, Agustín Gastaminza eta Isabel Anaut bisitaldian

Langileen profesionaltasuna eta lan ona defendatu ditu, "ospea kentzeko kanpaina egiten ari zaizkienen kontra".

 

María José Beaumont andreak Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Herrizaingo eta Justizia sailburuak SOS Nafarroako langileei babesa eta solidaritatea erakutsi die, gaur goizean, hango instalazioetan, “ospea kentzeko kanpaina egiten ari zaizkienen kontra”.

112-SOS Nafarroako egoitzan izan da Agustín Gastaminza Herrizaingoko zuzendari nagusiarekin eta Isabel Anaut Babes Zibila Zerbitzuko zuzendariarekin, tokian bertan eta zuzenean langileen profesionaltasuna eta lan ona aitortzeko, langileei azaldu bezala, “lan bikaina eginagatik ospea kentzeko kanpaina arduragabea egiten ari bazaizkie ere”.

Sailburuak iritzi du Kasedako tiroketan larrialdi-zerbitzu guztiek “modu eredugarrian eta eraginkortasun osoz jardun zutela, bai foru-poliziak bai SOS Nafarroak, minutu batean baino gutxiagoan foru-patruilei eta Guardia Zibilaren Zerbitzuetako Zentro Operatiboari alerta jo eta 17 minutuan baino gutxiagoan hilketaren ustezko egileak atxilotuta zeuden punturaino”.

Beaumont atsekabetuta agertu da ezin izan dutelako hiru pertsonen heriotza ekidin. Eskerrak eman zizkien dei egin zuen hiritarrari eta hari arreta eman zion langileari.  “Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkiot dei egin zuen hiritarrari, azalpen argiak emateagatik, eta baita arreta eman zion langileari ere, 25 segundotan deia Foru Poliziaren Aginte eta Koordinazio Zentrora igorri zuelako. Halaber, eskerrak eman nahi dizkiot  Aginte eta Koordinazio Zentroari, minutu batean Guardia Zibilaren patruilei eta Zerbitzuetako Zentro Operatiboari alerta jo zielako.  Eta, azkenik, larrialdietako gainontzeko langileak zoriondu nahi ditut, modu eredugarrian erantzun zutelako”.

55 langile, 7 areto-buru eta 25 mediku koordinatzaile inguru eta suhiltzaileen zerbitzu-arduraduna dituen talde batek 112 telefono-zenbakiaren bidez larrialdiak artatzen ditu, urteko egun guztietan, 24 orduz. Gainera, Foru Poliziaren Aginte eta Koordinazio Zentroa Larrialdietako Kudeaketa Sistemaren bitartez 112 Aretora konektatuta dago.

2017an, larrialdietarako 112-SOS Nafarroa telefono-zenbakiaren bidez 2.672 dei/eguneko artatu ziren batez beste, eta urtea datu hauekin amaitu zen: 975.479 dei jaso ziren guztira, 342.881 gertakari kudeatu ziren eta larrialdi-zerbitzuetako 193.273 bitarteko mobilizatu ziren.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!