Osasun emozionalean laguntza eman du 40 urtez Esperantzaren Telefonoak

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 24a, 09:15

Norbanakoen krisi emozionaletan babesa eta laguntza eskaintzea izan da Esperantzaren Telefonoaren lana urteotan. Musikaz eta umorez ospatuko dute egindako guztia. 

Telefono bestaldean beti izan da norbait laguntzeko prest. Urtetik urtera gero eta dei gehiago jaso ditu Nafarroan ere Esperantzaren Telefonoak. Zer nolako jendeak deitzen du baina halako telefono batera? Bada, gehienetan krisi batean murgiltzen hasiak diren herritarrak dira. Krisi emozionalak dituzte eta besterik gabe norbaitek entzutea nahi izaten dute. Jendez inguraturik bizi garen gizarte honetan, gero eta jende gehiagok behar izaten du benetan beste pertsona batek sortu zaizkion arazoen inguruan entzutea. Eta horixe egiten dute Esperantzaren Telefonoaren bestaldean dauden profesionalek. 

2018an dagoeneko 7.000 dei jaso ditiuzte, iaz urte osoan adina dei dira horiek. 130 lagun ari dira boluntarioki lanean Esperantzaren Telefonoan. Laguntza eske deitzen dutenen artean gehienak emakumeak dira (nahiz eta azken urteotan joera ere aldatzen ari den) eta gehienak 30 urtetik gorakoak izaten dira. Urteotan guztiotan ikastaroak eta tailerrak ere eskaini dituzte emozieon tratamenduan sakontzeko. 

Musika eta umorea 40 urteko lana ospatzeko

Baluarten eginen dute ospakizun berezia Esperantzaren Telefonoko kideek. Musika eta umorea izanen dira ardatz nagusi. 19:00etan hasiko da ekitaldia, eta besteak beste kantariak igoko dira oholtza gainera: Carlos Colina, Leire Lisarri piano jotzailea, Iñaki Fresan baritonoa eta Amaia Azkona sopranoa. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!