Alde Zaharren biziraupenez ariko dira jardunaldietan

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 20a, 13:27

Nabarralde eta Iturraldek antolatuta urriaren 5etik 20ra zenbait ekimen antolatu dituzte. Nagusia, urriaren 20an izanen da Iruñean eginen dute topaketarekin. 

Hirien Alde Zaharren biziraupenaz hitz egiteko jardunaldiak antolatu dituzte Nabarralde eta Iturralde elkarteek. Emanaldiak, erakusketak, hitzaldiak, bisita gidatuak eta mahai ingurua izanen dira. Urriaren 5ean hasi eta 20ra arte izanen dira. Alde Zaharrak duen ondarea eta horren ustiaketaz mintzatuko dira bereziki. Baina alde askotatik aztertu daitekeela gaia nabarmendu du Angel Rekaldek.

Tuteran izanen da lehen hitzordua, urriaren 5ean. Alde Zaharraz mintzatuko dira mahai inguruan. Iruñean izanen dira gainontzekoak. Bye Bye dokumentala emanen dute, argazki erakusketa ere izanen da eta bisita gidatuak ere izanen dituzte. Bereziki nabarmendu dute urriaren 19an eta 20an izanen direnak: Manuel Delgado antropologo sozialak emanen duelako hitzaldia lehenbizi, eta urriaren 20an Alde Zaharraren birsorkuntzaz ariko dira zenbait aditu.

Doaneko saioak dira ia guztiak, azkena izan ezik. Urriaren 20ko jardunaldirako 10 euro ordaindu beharko dira. Komeni da guztietarako izen ematea lehenagotik nabarralde.eus webgunearen bitartez.

Nabarraldek eta Iturraldek antolatutako ekimena

Globalizazioak gure hirietan duen eragina, alde zaharretan nabarmentzen da batez ere. Alde zaharretan gordetzen dira gure ondarea, gure identitatea eta herriaren memoria, eta bertan egiten dute talka turismoaren presioarekin, sakontasunik gabeko urbanismoarekin, eraikuntza historikoen berrerabilketarekin… Gaiaren inguruan hausnartu eta gure egunerokora eramateko helburuarekin, hitzaldi, mahai-inguru, emanaldi, argazki erakusketa eta Iruñeko Alde Zaharrera bi bisita gidaturekin osatuko den programa bat antolatu dute, Alde aharren Birsorkuntza izenburupean. 2015etik ospatzen ari garen ondarea, paisaia eta globalizazioaren inguruko sinposioaren laugarren edizioa izango da.

Azken hiru urteotan, Ondarea bezalako gizarte-elementuak aztertu ditugu (orokorrean eta zehazki ondare industriala, egun krisi eta eztabaidan dagoena), baita Paisaia eta Memoria bezalako kontzeptuak, besteak beste. Iazko edizioan Globalizazioaren galbahetik pasa genituen kontzeptu guzti hauek, izan ere, gure bizimodua aurreikusi ezin liteken moduan aldatzen ari den joera da. Edizio berri honetan, guzti hau alde pragmatikoago batetik tratatu nahi dugu, kontzeptu guzti hauek ikusgarri egiten diren eremu horretara eramanez: bizilagunen eztabaidak, historialarien memoria galtzea, bisitari olatuak eta turismoaren zartada, etxebizitzen salneurrien igoera, eremu arkeologiko baliotsuen suntsiketa, paisaien eraldaketa….

Izan ere, ekonomia, gizarte, urbanismo eta bizikidetza indar desberdinen borroka eremu bilakatu dira gure hirietako alde zaharrak. Alde batetik, batzuentzat negozioa beti izango da negozio. Beste alde batetik, auzo hauetan ondare balio handia dago jokoan: identitatea, eraikin historikoak, memoria lekuak, tradizioak, bestak… Galdera zehatza batzuk ere sortzen dira guzti honen inguruan: dena mantendu daiteke? Egindako suntsiketei dagokienez, berreskuratu daiteke galdutako ondarea? Paisaia aldatzen bada, ez da zuzenean bertan bizi diren biztanleen bizimodua aldatzen? Non hasi eta akabatzen da hiri-paisaia?

Paisaia, Joan Noguék dioen bezala, “naturaren eraldaketa kolektiboaren emaitza, gizarte batek espazio zehatz batean duen proiekzio kulturala” bada, non gelditzen da orduan komunitate baten berezko paisaiaren balioa, alde zahar hauetan mendez mende errotu dena, turismoarentzat saiakera moduko batean bilakatzen dugunean?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!