Kultur Eskubideei buruzko Foru Legearen proiektua onartu du Gobernuak

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 19a, 13:27

Maria Solana gobernu bozeramalea eta Ana Herrera Kultur kontseilaria.

Proiektuaren helburua da kultur eskubideak ziurtatzea eta sustatzea, politika kulturalak sustatuaz, kulturaren balioa ondasun erkide bezala, kultura eskuratzeko eskubideak eta bizitza kulturalean parte hartzekoak defendatzeko, gizarte berdinagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko zutabe gisa.

Foru Gobernuak, gaurko bilkuran, Nafarroako Kultur Eskubideen Foru Legearen proiektua onartzen duen erabakia hartu du, eta horren lehentasunezko helburua da eskubide kulturalak erabat onartzea funtsezko eskubide bezala. Hemendik aurrera, testua Nafarroako Parlamentura bidaliko da, han eztabaidatu, eta, hala badagokio, ondoren onar dezaten.

Kultura, Kirola eta Gazteria Departamentuak aurreproiektua egin aurretik, kontsulta publiko bat egin zen, eta Nafarroako Artxibozainen Elkarteak eta Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkarteak sinatutako bi ekarpen aurkeztu ziren. Behin aurreproiektua eginda, berriro jendaurrean jarri zen, eta zortzi erakunde eta partikularren alegazioak jaso zituen. Horrez gain, Departamentuak parte hartzeko bestelako jarduera osagarriak burutu zituen; hala nola, jardunaldiak, bilerak eta kontsultak.

Proiektuaren helburuak

Proiektuaren helburua da kultur eskubideak ziurtatzea eta sustatzea, politika kulturalak sustatuaz, kulturaren balioa ondasun erkide bezala, kultura eskuratzeko eskubideak eta bizitza kulturalean parte hartzekoak defendatzeko, gizarte berdinagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko zutabe gisa.

Zehazki, arauaren helburuak hauek izango dira: gaiaren inguruan lege sektorialetarako esparrua ezartzea; kultura eskuratzerakoan berdintasuna izateko baldintzak ezartzea; kultur eskubideen balioa ezinbesteko oinarri bezala adieraztea; eta Nafarroako kulturaren eta hizkuntzaren dibertsitatea, identitateen aniztasuna, ondare ukigarria eta ukiezina sustatzea eta babestea, e.a.

Halaber, arauaren asmoa da herritarrentzat oro har nahiz artista, sortzaile, kudeatzaile, sustatzaile eta profesionalentzat ez ezik, arloan eskumena duten herri administrazioentzat ere, kultur eskubideei balioa ematea, XXI. mendean kultur politikako testuinguru berritzaileak eta aurreratuak sortuaz.

Era berean, esparru instituzional bat ezarri nahi da, kulturaren kudeaketa publikoan gardentasuna eta erantzunkidetasuna bermatzeko eta herritarren eta sektorearen parte-hartzea errazteko politika kulturalak sortzerakoan eta haien inpaktua ebaluatzerakoan.

Europa mailako eta Estatu-mailako testuinguruetan ez dago era horretako ezaugarriak dituen araudirik, eta, beraz, Lege hau abian jarrita, hutsune horri erantzuna emango litzaioke. Arauaren asmoa da kultur politikei balioa ematea kultur eskubideekin lotura baitute, eta herri administrazioen betebeharrak ezartzea kultur eskubideei dagokienean.

Testuaren edukia

Sei titulu, xedapen gehigarri bat, xedapen iragankor bat, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapenaren bitartez, Kultur Eskubideei buruzko Foru Legearen proiektuan jaso da, besteak beste, kulturara iristeko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidearen, eta, zehatzago esanda, Nafarroako Kultur Ondareko ondasunetara iristeko eskubidearen arauketa. Halaber, zentro kultural, museo, artxibo, liburutegi, antzerki, auditorio, kultur ondarea osatzen duten ondasun eta, oro har, edozein kultur ekipamenduetarako sarrera fisikoaz gain, informazioen teknologien bidezko sarrera birtuala ere jasotzen da.

Bestalde, sormen artistikoa eta literarioa eta ikerketa zientifikoa kontuan hartu dira. Sormenerako nahiz ikerketarako askatasuna nahiz administrazio publikoek eremu horietan hori sustatzea eta hedatzea ezartzen da.

IV. Titulua administrazio publikoek kultura arloan duten erantzukizunari buruzkoa da; bertan, kulturan eskumena duen Departamentuak Foru Legearen helburuak betetzeko eta bertako eskubideak eta printzipio inspiratzaileak behar bezala aitortzeko eta gauzatzeko garatu beharreko jarduerak, neurriak eta programak ezartzen dira.

Horrez gain, V. Tituluan, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua arlo horretako erakunde aholkularia dela esaten da, Nafarroako Kultura Kontseiluaren ondorengoa, eta haren funtzioak aipatzen dira, osaera ezartzearekin batera.

Azkenik, VI. Titulua kultura arloan eskumena duen departamentuak kultur politikak finantzatzeari buruzkoa da. Laguntzak eta diru-laguntzak jarriko ditu, mezenasgo kulturala hedatu eta ekintzaile kulturalentzat funtsak sortu eta kreditua lortzeko bideak emango ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!