Bertsotan inprobisatzen da gurean. Baina mugetatik kanpo badira milaka modu inprobisazioari eragiteko. Musikarekin lagunduta, kantuan, bakarrik edo taldeka. Horixe eskainiko du Nazioarteko Inprobisatzaileen Birak: alegia, inprobisazio modu desberdin horiek ezagutzeko aukera.
Bertako bertsolariak ikusi eta entzunen ditugu oholtzan, baina baita atzerritik etorriko direnak ere: Tomasita Quiala repentista kubatarra eta Araceli Argüello payadore argentinarra izanen dira. Iruñean emanen diote hasiera Bira horri eta bi emakume horiekin batera Maialen Lujanbio eta Julio Soto bertsolariak izanen dira. Iker Iriarte arituko da gai-jartzaile, eta sortzaileek elkar uler dezaten, Maddalen Arzallus eta Irati Majuelo itzultzaile-bertsolariak izanen dira oholtza gainean. Kultura desberdinen elkarbizitza agerian geratzen da oholtza gainean halako ekimenak egiten direnean, inprobisazioak nazioarteko dimentsioa hartzen duela esan du Julio Soto bertsolariak.
Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira Iruñean hasiko da, urriaren 9an Zentralen eta 14ra arte bestelako emanaldiak eskainiko dituzte. Iruñearen ondoren, Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostian izanen da. Hiri horietan guztietan egonen dira Tomasita Quiala eta Araceli Argüello, eta txandakatuz joanen dira Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jone Uria, Xabi Igoa eta Julio Soto bertsolariak. Hizkuntzak desberdintzen ditu bertsolariak eta beste herrialdetako inprobisatzaileak, baina ez horrek bakarrik. Inprobisatzeko modu asko daudela argi geratuko da Bira honetan. Argentinatik etorriko da Araceli Argüello eta Kubatik Tomasita Quiala. Bi emakume hauetaz mintzatu da Soto.
Urriaren 9tik 14ra izanen da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira, eta horren ondotik, Bertsoaroak ere edizio berri bat izanen du. Iruñeko Udalak lagunduta Mintzola Ahozko Lantegia eta Lanku Kultur Zerbitzuak ari dira antolaketa lanetan.