Zerga-sisteman egindako aldaketei esker herritarrek ordaintzen dituzten zergak mailakatuagoak dira, progresiboagoak. Hala gogorarazi zuen atzo Mikel Aranburu Ogasun kontseilariak. 18.000 euroko diru-sarrerak dituztenen %44k aurreko urtean baino gutxiago ordaintzen dute zergetan. Zergapekoen %5k ez du aldaketarik antzeman; %19ak zertxobait gehiago ordaindu du, baina urtean 30 euro baino gutxiago eta 30.000 euro baino gehiagoko diru-sarrerak dituztenen %31,8ak gehiago ordaindu du, progresiboki.
Datuak ezagututa, UPN, PSN eta PP azaldu dira kritikoen. Uste dute errenta baxuenek oraindik ere zerga-sisteman gehien ordaintzen dutenen artean daudela. Zergak igo zaizkie eta gainera horrek ez du eraginik izan zerbitzu publikoetan, ez baitira hobetu alderdi horien ustez.
EH Bilduk uste du aurrera pauso gehiago egin beharko liratekeela eta Geroa Baik uste du dagoeneko emaitzak nabari direla. Podemos-Orain Bai taldearentzat garrantzitsua da aberastasunaren banaketa hobea egitea. Laura Perezek uste du autokonplazentziarik ezin dela onartu ez eta dramatismorik ere. Aberatsenen artean, ondarean eta sozietateetan esku hartu behar dela uste du. Proposamen zehatzak ere jarri ditu mahai gainean: 17.000 euro baino gutxiago jasotzen dutenei zergarik ez kobratzea; erabaki ahal izatea zerga horiek defentsa ministeriora ez joatea edota krisiaren ondorioak dituztenei arreta eskaintzea.
Enpresen zergak
Enpresek zergetan ordaintzen dutenaren inguruan ere solastu dira. Ez da egia gehiegi estutzen dituztela. Gogoratu du, galerak izan dituzten enpresek onura fiskalak izan dituztela eta gauza bera ez dela gertatu pertsonekin. Gainera, Nafarroako enpresek galerak izan eta 15 urtera hasiko dira zergak modu arruntean ordaintzen, galerak izanagatik konpentsazio modura, eta hori Espainian 4 urtekoa da.
Enpresa kopuruari dagokionez, 2015ean baino 3.000 enpresa gehiago daude eta nabarmendu du Ogasun kontseilariak zerga-sistema ez dela kontuan hartzen duten lehen puntua enpresek toki batean edo bestean kokatzeko, bestelako faktoreak lehenesten dituzte.