Eskubide Sozialetako lehendakariorde Miguel Laparrak Departamentuak landutako txosten bat aurkeztu du astelehen honetan, eta horren arabera, kopuru erlatiboetan eta urteko batez bestekoak erreferentziatzat harturik, gazteen langabeziaren jaitsiera intentsitate handiagokoa izan da 2013-2017 epealdian. Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (BAI) arabera, gazteen langabezia % 49,1 jaitsi da eta % 43,6 langabezia osoa, eta langabezia erregistratuaren arabera, jaitsiera % 52,1ekoa izan da gazteengan langabezia osoan izandako % 42,4 beherakadaren aldean.
Bestetik, 2018ko lehen erdialdean, 35 urtetik beherako 12.100 langabe zeuden BAIren arabera, hau da, 2017ko epealdi berean baino % 21,2 gutxiago.
“Txostenean ikusiko dugunez, oso jaitsiera positiboa gertatu da gazteen langabezian, baina aldi berean, beren horretan mantendu dira neurri handi batean behin-behinkotasunaren eta lanaldi partzialen tasak, prekarietatateak dirauen seinale”, ziurtatu du Laparra lehendakariordea. Hala ere, 16 eta 24 urte bitartekoen taldea eta 25 eta 34 urte bitartekoena bereizi behar dira. Lehenengoen kasuan, gazte asko ikasten ari dira, eta hori berez oso positiboa da, krisiaren ondorioetakoa bat izan baita “gazteen zati bat prestakuntza-esparruetara itzultzea”. 25 eta 34 urte bitartekoen taldearen kasuan, langabezia tasa gainerako biztanleena bezalakoxea da, baina behin-behinekotasuna eta prekarietate handiagoarekin”, Laparrak ziurtatu duenez. “Era berean, berariaz nabarmentzeko moduko datua dugu Nafarroan 2006az geroztik gertatu den gazte kopuruaren beherakada. Estatuan gertatzen den bezalaxe, biztanleria aktiboaren zahartzea erabakimenez aurre egin beharreko erronka serioa dugu”, azpimarratu du.
35 urtetik beherako pertsonen langabeziak duen pisuari dagokionez, % 44,3koa izan zen 2017an eta % 37,9koa da 2018ko lehen erdialdean. Kontuan izan behar da krisiaren aurreko garaian portzentajea dexente handiagoa zela. 2006an, adibidez, % 59,2koa izan zen.
Langabezia tasak murriztu diren egungo susperraldian, arras positiboa da gazteen arteko langabezia tasan izandako jaitsiera sendoagoa, 12,8 puntu murriztu baita 2013-2017 epealdian, guztizko langabezia tasan izandako 7,7 puntuko beherakadaren aldean. Hala ere, gazteen langabezia tasan izandako jaitsiera positibo horren gainetik, desenpleguak eragin handia du oraindik kolektibo honetan, batez besteko eragina baino handiagoa (% 17,4koa 2017an eta % 15,1ekoa 2018ko lehen erdialdean), nahiz eta 25 eta 34 urte bitarteko gazteen artean portzentaje hori biztanleria osoarena bezalakoxea izan. Kontuan izan behar da arazo estrukturala dela, langabeziak gazteengan duen eragin handiago hori konstantea baita, ziklo ekonomikoa zeinahi dela ere.
Bestalde, txostenean jaso denez, langabezia erregistratuari buruzko azken datuen arabera, 2018ko uztailean, 9.302 langabe 16 eta 34 urte bitartekoak ziren, hots, 2013an izandako gehienezko kopurua (19.416) baino 10.114 pertsona gutxiago. Langabezia erregistratuari buruzko datuek ere jaitsiera nabarmena berresten dute kolektibo honetan. Horren harira, 2013an izandako langabezia kotarik handienak erreferentziatzat hartuz gero, argi dago jaitsiera handiagoa izan dela 35 urtetik beherakoen artean (% 52,1), herritar guztien artean izandako % 42,4ko beherakadaren aldean. Hortaz, urteen araberako gora-behera guztien gainetik, joera beheranzkoa da argi eta garbi.
16 eta 34 urte bitarteko langabeen eta 35 urte eta gehiagoko langabeen artean dauden desberdintasun nagusiei dagokienez, txostenak atzerritarren kolektiboaren pisu handiagoa nabarmendu du, % 22,6koa, guztizko langabezian duen % 19ko pisuaren aldean.
Ikasketa mailari dagokionez, 16 eta 34 urte bitarteko langabeen % 21,2k goi mailako ikasketak ditu. Portzentaje hau % 17,7koa da langabe guztien artean.
Jatorrizko jarduera sektoreari dagokionez, normala denez, kolektiboko langabeen % 19,3k ez du aurretiaz lanik izan, adina dela eta. Hauexek dira jatorrizko adar nagusiak: merkataritza eta ostalaritza (% 19,7), enpresetarako zerbitzuak, banka, aseguruak, etab. (% 18,4), administrazio publikoak, osasuna eta hezkuntza (% 14,4) eta industria (% 11,7)
Langabezian egindako denbora da elementu positiboa. 16 eta 34 urte bitarteko hamar langabetik ia zazpik zazpi hilabete baino gutxiago daramatzate langabezian (% 67,3). Horren harira, txostenak argitu du, 35 urtetik beherako gazteen % 8,5ek bi urte edo gehiago langabezian daramatzaten bitartean, portzentaje hori % 24koa dela langabe guztien artean. Iraupen luzeko langabezia 16 eta 34 urte bitarteko langabeen % 22,1i dagokio, eta langabe guztien % 38,5i.
Bestalde, agiriak kontuan hartu beharreko beste elementu bat ere nabarmendu du dagozkion ondorioengatik. Kolektiboaren jarduera tasari buruzko kalkuluaren arabera, jaitsiera etengabea eta adierazkorra izan da 2006-2016 epealdian, % 76,1eko jarduera tasatik % 62,6ko tasara igaro baita. Kopuru absolutuetan, 35 urte baino gutxiago duten pertsona aktiboen kopurua 40.000 pertsonatik gora murriztu zen epealdi horretan (2006-2016), BAIren arabera. Egia da, gazte aktiboen kopuruan izandako jaitsieraren arrazoietako bat, kolektiboaren jarduerarik eza bide dela, bereziki hasierako tarteetan, krisiak ikasketa maila baxuak dituzten gazteen lan prekario eta zaurkorretan izandako inpaktuaren ondorioz eta gazteak hezkuntza sisteman luzaroago jarraitu edo horretara itzuli izanaren eraginez, besteak beste. Hala ere, kopuruek diote hori ez dela arrazoi nagusia. Hartara, are nabarmenagoa da 16 eta 34 urte bitarteko gazteen kopuruan izandako beherakada. Hots, badago arrazoi demografiko bat ere. Kasu honetan, BAIren bitartez kalk
ulatutako datuak ia-ia bat datoz Biztanleen Errolda Jarraituko kopuru ofizialekin. Iturri honen arabera, 2006tik 2016ra bitartean, 16 eta 34 urte bitarteko 31.827 pertsona gutxiago zeuden Nafarroan. Adinaren arabera banatuz gero (16-24 urte eta 25-34 urte), jaitsiera deigarri hori, hein handi batean, bigarren adin-taldean izandako biztanleria-murrizketak eragindakoa dela egiazta daiteke, adin-tarte horretako 28.404 pertsona gutxiago baitaude, 25 urtetik beherako gazteen artean gertaturiko 3.423 pertsonako jaitsieraren aldean. Hortaz, kontuan hartu beharreko sakonera handiko desoreka demografikoa da. Bestela esanda, ageri-agerikoa da biztanleria aktiboaren zahartzea. Ildo horretan, txostenak gogoratu du gazteriari buruzko indizea (15-39 urteko biztanleen eta 40-64 urteko biztanleen arteko ratioa) 99koa zela 2011 eta 77koa 2018an.
Enplegu-mailari eta horren kalitate-mailari dagokienez, 2017an, 16 eta 34 urte bitarteko 66.900 pertsona okupatuta zeuden. 2018ko lehen erdialdeko datuen arabera, 68.050 pertsona okupatuta daude egun. 2006az geroko bilakaeraren azterketak argi utzi du okupatutako pertsonen kopuruan jaitsiera bortitza gertatu dela 2007-2013 epealdian eta susperraldi arina azken urteotan, baina kopuruak oso urrun daude oraindik krisiaren aurreko garaiaren hasieran zeudenetatik.
Enplegu tasaren bilakaerak kolektiboaren okupazioan izandako jaitsiera historiko hori egiaztatzen du: tasa hori % 70,1ekoa zen 2007an eta % 46,9koa 2013an. Gutxieneko kota horretatik, goraldi arina gertatu da, 2018ko lehen erdialdean % 54era iristea ahalbidetu duena. Ondorioz, 16 eta 34 urte bitarteko kolektiboaren okupazioaren pisua % 38tik % 24 ingurura igaro da 2006az geroztik. Datu honek biztanleria aktiboaren zahartzea berresten du, kasu honetan biztanleria okupatuarena.
Laburbilduz, txostenak argitu duenez, krisian izandako enplegu-suntsiketa historikoak 16 eta 34 urte bitarteko gazteei eragin zien nagusiki, aztertutako datuen arabera, eta horren susperraldia, positiboa izanda ere, ez da oraindik nahikoa. Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko datuek hori guztia egiaztatzen dute. Elementu positibo gisa nabarmendu behar da, itxura guztien arabera, 2017az geroztik gazteen enplegua gehiago berreskuratzen ari dela. Hartara, urterik urterako datuetan, 16 eta 34 urte bitarteko pertsonen okupazioa % 4,7 igo da, % 4,2ko batez besteko igoeraren aldean. Adierazi den bezala, hau guztia Gizarte Segurantzako afiliazioaren bilakaerak ere egiaztatzen du. Honela, afiliazioari buruzko datuen arabera, 2017an eta 2018aren hasieraz geroztik, 35 urtetik beherakoen enpleguaren hazkundea batez bestekoa baino zertxobait handiagoa da (kopuru erlatiboetan, okupazio gehiago, afiliazio gehiago eta kontratazio gehiago egon da). 35 urtetik beherako pertsonen artean, 68.408 afiliatuta zeuden 2018ko uzt
ailean, 2017ko hilabete berean baino % 3,9 gehiago, eta guztizko afiliazioaren hazkundea % 3,6koa izan da.
Alabaina, txostenak argi utzi du 2008ko uztailetik 2018ko uztailera enpleguan izandako aldaketak % 35eko murrizketa ekarri diola 35 urtetik beherakoen afiliazioari, 34 urtetik gorakoen artean afiliazioa % 17,3 igo delarik. Kopuru absolutuetan, 2018an baino 36.815 afiliazio gutxiago daude 35 urtetik beherakoen artean eta 30.945 afiliazio gehiago 35 urte eta gehiagokoen artean.
Laburbilduz, 2017a arte izandako gazte-enpleguaren suntsiketa historikoa eta ondorengo susperraldi motela kontuan harturik, txostenak ondorioztatu du nahitaezkoa dela estrategiak inplementatzen jarraitzea gazteen enpleguaren egoera hobetzeko, kuantitatiboki nahiz kualitatiboki, gazteen arteko lan-prekarietatea handiagoa baita.
Behin-behinekotasun handiagoa
Honela, gazteen enpleguaren ezaugarriei erreparatuz gero, lan baldintza kaskarragoakn egiaztatzen dira lanaldiari dagokionez. Horren harira, 16 eta 34 urte bitarteko herritarren behin-behinekotasun tasa % 44,1ekoa izan zen 2017an, guztizko tasa baino 21,1 puntu handiagoa, eta horren eragina are nabarmenagoa izan da 16 eta 24 urte bitarteko gazteengan. Bilakaeraren azterketatik ondoriozta daitekeenez, tasa hori igo da eta 2013koa nahiz 2008koa baino handiagoa da. Hauxe da, zalantzarik gabe, kolektiboaren enpleguari dagokion alderik bereizgarri eta nagatiboenetako bat. Zatikako lanaldiak 16 eta 34 urte bitarteko pertsonen enpleguan duen pisuari dagokionez, % 21,5ekoa izan zen 2017an, guztizko batez bestekoa baino 5,5 puntu handiagoa, eta honetan ere, 16 eta 24 urte bitarteko kolektiboa izan zen kaltetuena.
Kontratazioari dagokionez, azterketak 2012tik gaurdaino kontratuetan izandako egoera egiaztatu du, 16 eta 34 urte bitartekoen artean nahiz 35etik gorakoen artean.
Kopuru erlatiboetan, 2013-2016 epealdian, kontratazioaren urteko hazkundea txikiagoa izan zen 35 urtetik beherakoen artean. Hala ere, 2017an, 35 urtetik beherako gazteei egindako kontratuetan urteko igoera handiagoa gertatu zen, % 4,5ekoa, 34 urtetik gorakoen artean izandako % 3,2ko igoeraren aldean.
Hala ere, 2012an erregistratutako kontratu kopurua hasierako erreferentziatzat hartuz gero, bi adin-tarteetan kontratazioa etengabe igo dela egiazta daiteke, intentsitate desberdinarekin bada ere. 2017an egindako kontratuen kasuan, % 99,8 kontratu gehiago egin zaie 35 urte eta gehiagoko pertsonei, eta aztertutako taldean ere igoera adierazkorra izan da, baina txikiagoa, % 60,8koa.
35 urtetik beherako pertsonen kontratuek duten pisuari dagokionez, % 48 ingurukoa da azken urteotan, baina krisiaren aurreko urteetan, 2006 eta 2007an, % 64 ingurukoa izan zen.
Kontratuen tipologiari eta bilakaerari dagokienez, txostenak honako hau nabarmendu du: oraindik aldi baterako kontratazioa nagusi den arren, beheranzko joera arina ezarri da kontratu mota horretan. 2017an, 16 eta 34 urte bitartekoen kontratuen % 94,5 aldi baterako kontratuak ziren, eta antzeko portzentajea zegoen (% 93,8) 35 urte eta gehiagokoen artean ere. Hortaz, kontratazio motan izandako desberdintasunak ez ziren adierazkorrak izan. Bestalde, 2018ko urtarriletik uztailera bitarteko epean, aldi baterako kontratazioaren pisua % 93,8koa izan da 35 urtetik beherako gazteen artean eta % 92,9koa 34 urtetik gorakoen artean.
Oraindik kontratazioan nagusi den etengabeko behin-behinekotasun horren barruan, astebeteko edo iraupen txikiagoko aldi baterako kontratuen pisua nabarmendu behar da. 35 urtetik beherakoen kolektiboaren kasuan, % 41,1ekoa izan zen 2017an. Portzentajea oso antzekoa izan zen 34 urtetik gorakoen kasuan (% 39,6). Bestetik, 2018ko datu metatuen arabera, portzentaje horiek % 38,6koak eta % 39,6koak dira, hurrenez hurren. Kontratu mota honek duen pisu handiari dagokionez, kontuan hartu behar da 2012az geroztik hasi zela indarra hartzen. 2013an, astebeteko edo iraupen txikiagoko kontratuen pisua % 39,8koa zen.
Alderdi positibo gisa, honako hauek aipatu dira: alde batetik, kontratatu mugagabeek azken bi urteotan ehunekoetan izandako igoera, 16 eta 34 urte bitartekoen artean nahiz 35 urte eta gehiagokoen artean. Hau da, kontratazio mugagabeak ehunekoetan izan duen hazkundea aldi baterako kontratuena baino handiagoa izan da. Horrela, 35 urtetik beherakoen kasuan, kontratu mugagabeak % 13,1 gehitu dira eta % 4,1 aldi baterako kontratuak. Bestetik, aldi baterako kontratazioaren barruan, sei hilabete edo gehiagoko kontratuen hazkundeak beheranzko joera eten eta igoera adierazkorra ekarri du ehunekoetan. Honela, 2017an, % 22,2ko urteko hazkundea gertatu zen 16 eta 34 urte bitarteko pertsonei egindako sei hilabete edo gehiagoko aldi baterako kontratuetan, eta % 4,4ko igoera astebeteko edo iraupen txikiagoko kontratuetan.
Azkenik, txostenean, kolektiboaren desagregazioa aurreikusi da bi adin-tarteren arabera, 16-24 urte eta 25-34 urte. Honela, zenbait alde nabarmen islatu ahal izan dira. Adibidez, okupazioak 2013tik 2017ra izandako bilakaera kontuan harturik, okupaturiko biztanleriaren gorakada dexente handiagoa izan da gazteenen artean, % 50,5ekoa, 25 eta 34 urte bitartekoen artean izandako % 3,5eko beherakadaren aldean. Beraz, txostenak dioenez, 16 eta 24 urte bitarteko okupatuen igoera izan da azterturiko talde osoaren (16-34 urte) okupazioaren hazkundea eragin duena.
Hala ere, gertaera positiboa izan arren, horren positiboak ez diren bestee alderdi batzuk ere nabarmendu dira. Hartara, 25 urtetik beherakoen enplegu tasak 2013az geroztik gora egin duen arren, batez ere 2015etik aurrera, tasa hori 25 eta 34 urte bitartekoena baino txikiagoa da oraindik. Karga negatiboagoa duen beste kontu bat da behin-behinekotasunari eta zatikako lanaldiaren protagonismoari loturikoa. Kasu honetan, aldeak nabarmenak dira oraindik. Horrela, 16 eta 24 urte bitartekoen artean, behin-behinekotasun tasa % 66,8koa izan zen 2017an, eta % 37,1ekoa 25 eta 34 urte bitartekoen artean. Egia da, 2013ko datuen aldean, tasa hori ia bost puntu murriztu dela, baina oraindik altua da, adierazi den bezala. Bestetik, zatikako lanaldiari dagokionez, % 34,3koa izan zen 2017an 16 eta 24 urte bitartekoen artean, eta % 17,9koa 25 eta 34 urte bitartekoen artean.
Hori guztia kontuan harturik, txostenean argi gelditu da gaztenenen artean ere (16-24 urte) egoerak onera egin duela, izan ere, desenplegua murriztu da, langabezia tasa jaitsi da eta enpleguak gora egin du, sendotasun handiagoarekin gora egin ere, BAIren bitartez kalkulatutako okupazio tasa nahiz kontratazioari eta Gizarte Segurantzako afiliazioari buruzko datuak aintzakotzat harturik. Hala ere, hobekuntzaren gainetik, beren horretan mantendu dira elementu negatibo batzuk; hala nola, soberako behin-behinekotasuna, iraupen laburreko kontratazioaren pisu handiagoa edota zatikako lanaldiaren protagonismoa.