NUP-k hamabi ikastaro kultural eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtearen lehen seihilekoan

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 4a, 14:13

Zabalik da Unibertsitateko komunitateko kideek izena emateko epea; kanpokoek eta A3U programako kideek matrikula egiteko epea hilaren 17an irekiko da

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hamabi ikastaro kultural eskainiko ditu (talde egonkorrak barne) 2018-2019 ikasturtearen udazkeneko seihilekoan, Iruñeko Arrosadiko campusean egiteko. Matrikula egiteko epea atzo ireki zen, irailak 3 (astelehena), Unibertsitateko komunitateko kideentzat (irakasle eta ikertzaileak, administrazioko eta zerbitzuetako langileak eta ikasleak); ikasle ohi eta adiskideek, A3U programan izena emandakoek eta Unibertsitatekoak ez direnek, berriz, hilaren 17tik aurrera emango dute izena.

Eskaintzan zenbait gairi buruzko monografikoak daude, hala nola musikari, arte eszenikoei, komunikazioari edo astronomiari buruzkoak. Ikastaroen inguruko informazio guztia, egutegiak eta prezioak Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko.

Lehenago eskaini ez diren ikastaroen artean, honakoak aurki daitezke: Monologo ikastaroa (umorezko bakarrizketak nola garatu lantzeko monografiko praktikoa), Musika interpretazioko lantegia: berriz biltzetik revivaletara (Nafarroako musika tradizionalari buruzko lantegia), English poems for english students (ingelesezko poesiaren inguruko ikastaroa, ikasleen ahoskera hobetzeko eta parte-hartzaileak zenbait herri anglofonotako kulturara hurbiltzeko), Dokumental sozialeko lantegia (zinema errealitatera hurbiltzeko tresna moduan erabiltzea proposatzen duen monografiko bat) eta Astronomia Kluba (astronomiari eta hurbileko gaiei buruzko interesa duten pertsonak bildu eta haiekin teoria eta praktika batera lantzeko, behaketak eginez eta proiektu txikiak garatuz).

Iazko ikastaroen eta prestakuntza egonkorren jarraipena

Lehenbizikoz eskaintzen diren ikastaroez gainera, jarraipena eman zaie aurreko urteetan egindako batzuei, esaterako Garagardo lantegia eta Jendaurrean hitz egitea izenekoei. Lehenengoaren helburua edari horren prestaketa prozesua eta, dastamen saioen bidez, mota bakoitzaren kalitatearen ezaugarriak ezagutzea da. Bigarrenean, bestalde, oratoriarako gaitasuna garatu nahi da, baita beldur eszenikoari aurre egin eta gainditu eta gorputz hizkuntza kudeatu ere, besteak beste.

Aurten, halaber, jarraipena emango zaie prestakuntza egonkorrei: Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiko Gazteen Abesbatza, Ganbera Taldea eta Eztabaida Kluba. Bestalde, aurreko urteetan bezala, ikasturtean zehar Irakurketa Kluba eta Jendaurrean hitz egitea ikastaroak eskainiko dira (biek jarraituko dute udaberriko seihilekoan).

Doako ikastaroak eta matrikula

Izen-ematea doakoa da Irakurketa Kluba, Eztabaida Kluba eta Astronomia Kluba ikastaroetarako, bai eta Antzerki Taldea, Iruñeko Orfeoiko Gazteen Abesbatza, Ganbera Taldea eta Musika interpretazioko lantegia ikastaroetarako ere. Gainerako ikastaroen prezioak 44 eurotik 137 eurora bitartekoak dira, eta, ordainduko den prezioa zehazteko, kontuan hartuko da ikaslea Unibertsitateko komunitateko kidea den eta prestakuntzako jardueraren iraupena zein den.

Matrikula Interneten bidez egin daiteke (sarbidea desberdina da Unibertsitateko komunitateko kide direnentzat eta ez direnentzat), edo aurrez aurre Iruñeko campusean (Kultura eta Kirol Unitatea, Arrosadiko campuseko Sekuoia eraikinean) nahiz Tuterakoan (Informazio Bulegoa).

Ikastaroak eta kultura jarduerak egiteagatik kredituak emango zaizkie ikasleei, eta beren espedientean jasoko dira. Gehienez ere sei kreditu erdietsiko dituzte jarduera horiengatik graduko ikasketa plan osoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!