Mutiloan ikastetxe eta kiroldegia eraikitzeko hitzarmena sinatu dute

Euskalerria Irratia 2018ko ira. 3a, 07:56

Maria Solana hezkuntza kontseilaria eta Manuel Romero Arangurengo alkatea.

Ikastetxearen proiektua idazteko lehiaketa aurten bertan emango da; lanak, berriz, 2019an hasiko dira. Hezkuntza departamentuak eta Arangurengo Udalak sinatu dute hitzarmena.

Ostiralean sinatu dute bi erakundeek hitzarmena. Izan ere, Udalak ikastetxe berriaren lanak baliatu nahi izan ditu kiroldegia eraikitzeko eta hori dela eta, Nafarroako gobernuak 6,4 milioi euroko inbertsioa onartu zuen joan zen asteazkenean. Gaur, berriz, Maria Solana Hezkuntza kontseilariak eta Manuel Romero Arangurengo alkateak hitzarmena balioztatu dute.

Arangurengo Udalean egin dute gaur goizean bertan sinadura-ekitaldia. Hitzarmenaren lekuko izan dira Nekane Oroz Unibertsitateen eta Hezkuntza Baliabideen zuzendaria eta Javier Arguiñáriz, Gil Sevillano, Teresa Ramos, Daniel González eta Chelo Gallego zinegotziak.

Arangurengo udalak 9.151,06 metro koadroko lursaila jarri zuen Hezkuntza departamentuaren esku ikastetxe berria Mutiloan egiteko. Eta, lanak aprobetxatuta ikastetxean izan beharko lukeen gimnasioaren ordez, bailarako herritar guztien erabili ahal izateko kiroldegia egitea proposatu zion Hezkuntza Departamentuari. Gauzak horrela, asteazkeneko gobernu saioan, onartu egin zen bi erakundeen arteko hitzarmena sinatzea eta 6,4 milioiko inbertsioa egitea lanak aurrera eramateko. Hezkuntza Departamentuak, hortaz, beregain hartu du ikastetxea eta kiroldegia egiteko proiektuaren exekuziorako kontratazio publikoaren ardura.

Hezkuntza kontseilari Maria Solanak sinadura-ekitaldian adierazi duenez, “ikastetxe berria eraikitzea beharrezkoa zen bailararen hezkuntza beharrei erantzuteko”. Gogorarazi du luze jo duela egitasmoa abiaraztea, baina berretsi du “Nafarroako gobernuak bere egin duela apustua, era horretan, hezkuntza komunitatearen beharrei erantzuteaz gainera, bailarako herritarrek dituzten bestelako premiak ere erantzuten direlako bi obrak batera gauzatuta”. Hori dela eta, proiektu biak bateratzeko ahaleginarengatik Solanak zoriondu egin du Arangurengo alkatearen “kudeaketa eraginkorra”.

Ikastetxe berria

Mutiloan eraikiko den Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeak bi lerro oso izango ditu eta aurreikuspenen arabera, 2019-2020 ikasturtean hasiko litzateke lehenengo ikasleak hartzen. Gaur egun bailarako ikasleek San Pedro ikastetxe publikoan ikasten dute, 1981ean eraikitako eraikinean. Harrezkero, jakina, hainbat berritze eta handitze lan egin dira: 2006an, 2008an eta 2014an. Iragan ikasturtean 609 ikasle aritu dira San Pedro zentroan: 402 G ereduan eta 207 D ereduan. Aurreikuspenen aranera, ikasturte berrian igo egingo da matrikula Mutiloako ikastetxe publikoan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!