Elkarrizketa ahalmena mantentzea eskatu du Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 31a, 14:11

Legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren memoria aurkeztu du Aznarezek, parlamentuan

Astelehenean hasiko da legegintzaldiko azken urtea, Nafarroako Parlamentuan. Aurrekontuak onartzea izango da laukoaren lehen erronka.

Ekimenak aurrera ateratzeko Nafarroako Palamentua osatzen duten 26 parlamentarik erakutsi duten elkarrizketarako eta adostasunerako ahalmena nabarmendu ditu gaur Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak. Astelehenan hasiko da legegintzaldiko azken urtea, eta horek izango ditu lehendakariak helburu nagusitzat. Laukoaren lehen erronka, berriz, aurrekontuak onartzea izango dela azpimarratu du.

Nafarroako Parlamentuaren 9. legegintzaldiko hirugarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur Aznarezek, parlamentuan. 2017ko maiatzetik 2018ko maiatzera bitartean, guztira 2.153 ekimen aurkeztu dira. Guztira 24 foru lege onetsi dira. Horein artean, Aurrekontuen Legea, irisgarritasun unibertsalari buruzko legea, hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko legea, osasunaren eta gizarte zerbitzuen arloetako itun sozialak arautzen dituen legea eta kontratu publikoei buruzko legea nabarmendu ditu presidenteak. Azken urtean 475 deialdi egin dira legebiltzar honetako organoen bileretarako: Osoko Bilkura, mahaiak, Mahaia eta Eledunen Batzarra, edo Nafarroako Legebiltzarraren egitura osatzen duten 16 batzordeak.

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean, 14 interpelazio eta 574 galdera egin dira. Gobernuak halaber 213 eskaera jaso ditu Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera. Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 871 informazio eskaera erregistratu dira.

Kurtso berrirako helburuei dagokienez, lehendakariak azpimarratu du lehentasuna emango zaiola “ikus-entzunezkoen sistema berritzeko proiektua garatzeari, baina Parlamentuaren eginkizunak ezertan aldatu gabe”. Bestalde, Nafarroako Parlamentuak hedapen-lanarekin jarraituko du, hau da, “Parlamentu Irekiarekin”. 

Lehendakariak adierazi du lehentasunezko helburua dela “Parlamentuan sortzen diren ekimenek herritarrengan eragina izan dezaten lortzea”. Ez digu ezertarako balio jardueraren errekorra izatea, herritarrek ez badute nabaritzen; politika herria zerbitzatzeko dago, eta gu horretan ahalegindu behar gara”. Bukatzeko, lehendakariak azpimarratu du beharrezkoa dela “erakundea ahalduntzen jarraitzea. Nafarroako Parlamentuak —esan du— aldarrikatu egin behar du bere egitekoa, Nafarroako herriaren ordezkaritza eta hark bere parlamentariengan jarri duen konfiantza, legeak egiteko, herriaren premiei konponbidea emanen dieten ekimenak planteatzeko, eta Gobernuari horiek aurrera eraman ditzala exigitzeko”.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!