Enpleguaren sustapena, osasunerako sarbide hobea eta absentismoa gutxitzea, ijito herriarentzako Garapen Estrategian

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 31a, 08:20

Argazkia: Nafarroako Gobernuko kargudunak, kolektiboen ordezkariekin batera. / navarra.es

Nafarroako biztanle ijitoen garapenerako 2018-2021erako estrategia aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, bereziki 30 urtetik beherakoengan zentratuz. Inklusioa izanen du ardatz eta transbertsala izanen da.

Nafarroako Ijito Komunitatearen garapenerako estrategia aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, aurten hasi, eta 2021ean amaituko dena. Transbertsala da eta hainbat sailetan eraginen du, hala nola, parte hartzean, enpleguan, etxebizitza eta hezkuntzan.

Ikasle ijitoen arrakasta akademikoa % 15 igotzea, eskola absentismoa gutxienez % 7 murriztea, 30 urtetik beherako pertsonei enplegurako sarbidea erraztea eta, hezkuntza arloko hainbat ekintzaren bitartez, osasun arloko desberdintasunak gutxitzea, kolektibo honen 3.000 pertsonarengana iritsiz dira helburuetako batzuk.

Diskriminatutako kolektiboa

Datu zehatzik ez bada ere, Nafarroan ijito komunitatea 8.000 pertsonakoa izan daiteke, gutxi gora behera, Nafarroako Gobernuak emandako informazioaren arabera, eta gizarte bazterketarako arriskuan dagoen taldeetako bat.

Inklusio Planean jarritakoaren arabera sortu dute Nafarroako Ijito Komunitatearen garapenerako plana. Inklusio perspektiba batetik eginda dago, ijito herriak babes sozialrako sareak erabili ditzan.

Lanerako eta etxebizitzarako sarbidea

Horrez guztiaz gain, enpleguaren arloan, berariazko prestakuntza-estrategiak aurreikusi dira prestakuntza-baliabide orokorretarako sarbidearekin batera. Helburuetan, arreta berezia eman zaie gazte ijitoei, langabezian dauden 30 urtetik beherako biztanleen eta errenta bermatua jasotzen dutenen % 100engana iristeko asmoz, 2021ean kolektiboaren % 70engana iritsiz.

Era berean, komunitate ijitoarekiko esku-hartzean diharduten erakundeen partaidetza bermatu da plangintzako lurralde batzordeetan, Gizarteratze Plan Estrategikoan jasota zegoen bezala.

Etxebizitzaren esparruan garatuko den programaren barnean, hainbat lan ildo aurreikusi dira familiekin etxebizitzarako sarbidea izan baino lehen, baita gizarte-akonpainamendua ere higiezinaren barnean beharrezkoa den kasuetan. Helburua, gutxienez 150 pertsonarengana iristea da. Horrekin batera, etxebizitzarako sarbideari nahiz zaharberritzeari dagozkien baliabide orokorrei buruzko ezagutza eta sarbidea bultzatu nahi da.

Hezkuntza eta osasuna

Hezkuntzaren arloan, desberdintasunak ageri-agerikoak dira bereziki haur hezkuntzan matrikulatzen diren ikasle ijitoen kasuan: % 62,7, biztanleria osoaren % 96aren aldean, eta haien arrakasta akademikoa askoz ere murritzagoa izan ohi da lehen hezkuntzan nahiz bigarren hezkuntzan. Horren karietara, ikastetxeetan laguntzarako neurriak sendotzeko ekintzen bitartez nahiz pedagogia eta laguntzaren mesedeko neurriak eta matrikulazioaren jarraipenerako neurriak abian jarriz, eskola abandonua ahalik eta gehien murrizteko neurriak ere indartuz, desberdintasun horiek guztiak murriztu nahi dira.

Osasun arloari dagokionez, desberdintasun handi-handiak egiaztatu dira. Hori dela eta, Komunitate ijitoarekin osasuna sustatzeko landutako programaren bitartez, kolektibo honen 3.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi nahi da, Osasun Publikoaren, Osasunbidearen, Gizarte Zerbitzuen eta sektoreko entitateen arteko lankidetzaren bidez. Haurren osasun programa betetzen laguntzea da ekintzen xede nagusia, txertaketak eta aho-hortzetako osasuna barne harturik, eta horretarako, Osasun Eskolak indartuko dira, tabakismoa, elikadura, ariketa fisikoa eta obesitatea, zahartze aktibo eta osasungarria, ongizate emozionala eta gurasotasun positiboa lehenetsiz. Era berean, kolektibo honi zuzendutako arreta espezializatua sustatu nahi da, bereziki sexu eta ugalketa osasunean eta osasun mentalean, bularreko eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programetan duten parte-hartzea eta droga-mendekotasunen prebentzioa hobetuz

Partaidetza, tratu berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka

Ikuspegi orokorretik, Estrategiak giltzarrizko neurriak bildu ditu diskriminaziorik ezaren eta tratu berdintasunaren aldeko ekintzen ildotik, eta horretarako, komunikabideen inplikazioarekin batera, ijito herriari buruzko ezagutza xede duten ekintzak sustatu nahi ditu.

Horrez gain, ijitoek berariazko elkarrizketa-organoetan duten presentzia areagotu nahi da, partaidetzarako kontseilu sektorialen % 50etan gutxienez horien presentzia bermatuz eta ijitoen elkarteak bultzatuz, bereziki gazteei eta emakumeei dagokienez.

Estrategian bildutako neurrien artean, Nafarroako Herri Ijitoaren Kontseilua eratuko da Foru Administrazioaren, Toki Erakundeen, biztanleria ijitoarekin lan egiten duten gizarte erakundeen eta ijitoen elkarteen ordezkarien partaidetzaz. Kontseilua aholku-emailea izango da Nafarroako Komunitate Ijitoari buruzko politiketan eta proposatutako ekintzen jarraipena egiteaz arduratuko da.

Azkenik, Estrategian izaera integraleko programa pilotu baten sorrera aurreikusi da Iruñerako eta Iruñerrirako, Errumaniako ijitoen gizarteratzea errazteko.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!