Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak Baluartera lekualdatu ditzakete bi hilabetez

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 27a, 13:00

Ikus-entzunezko sistema eta botoa ematekoa berrituko dituzte irailaren bigarren hamabostalditik aurrera. Baluartez gain, bilkurak legebiltzarreko atrioan egitea da beste aukera. Astelehenean erabakiko dute.

Botoa emateko gailuak eta audio eta bideo sistemak berrituko dituzte Nafarroako Parlamentuan, ziurrenik irailaren bigarren hamabostalditik aurrera, eta, ondorioz osoko bilkurak lekualdatuko dira, bi hilabetez; litekeena da Baluartera mugitzea, egokitutako tokia baita bai prentsari begira bai politikarientzat, baina, baliteke atrioan egitea saioak.

Erabakia irailaren 3an hartuko dute, heldu den astelehenean; mahaia eta eledunen batzarra batzerakoan.

700.000 euro

Niotec ingeneritza enpresako eta obren adjudikazioa daukan UTE enpresako ordezkariak legebiltzarrean izan dira gaur, egokitze lanen kronograma azaltzen. 700.000 euroko aurrekontua izanen du proiektuak, 2017ko aurrekontutik hartuak. Berez, 595.000 euroko kostua izanen dute obrek, baina badaezpadako tartea utzi dute aurrekontuan, zer gerta ere.

Ainhoa Aznarez parlamentuko presidenteak nabarmendu du herritarrak kexu direla, batzuetan ez direlako ongi entzuten audioak, eta parlamentariek ere arazoak izan dituztela botoa emateko garaian, eta, ondorioz, ikus-entzunezko sistemaren berrikuntza beharrezko aldaketa dela.

Justizia Auzitegiak, arrazoia

Esleipen lehiaketan bigarren geratu zen enpresak helegitea aurkeztu zuen, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak arrazoia eman dio azkenean Nafarroako Gobernuari. Horregatik atzeratu zen proiektua bere garaian.

Lehenik eta behin, osoko bilkurak egiteko gela atonduko dute; batzordeena, gero; erabilera anizkoitza duena, hirugarrenik; eta azkenik, instituzio gela. Parlamentua 2002an egin zutenetik gauzatutako obra handiena izanen da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!