Iruñeko Zapirako hautagaitzak aurkezteko epea abuztuaren 31n amaituko da, ostiralarekin. Egun horretara arte –hori barne-, alkateak, Udalbatzako kideen heren batek, 10 erakundek zein 500 eskatzaile partikularrek hautagaiak proposatu ditzakete. Hautagaitza aurkezteko, horixe aurkezteko zioak jasoko dituen idazkia aurkeztu beharko da eskabidearekin batera edozein udal-erregistrotan.
Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan jasotzen denaren arabera, “Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak –fisikoak zein juridikoak– eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak –haren historia eta kultura– zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan”.
Hautagaitzak jendaurrean ezin izango dira jakitera eman, eta irailaren 3rako aurreikusitako Bozeramaileen Batzordean emango dira jakitera; bertan erabakiko da zein hautagaitza eramango den Batasunaren Pribilegioaren aurreko Osoko Bilkurara, onetsia izan dadin.
Sariak bi osagai izango ditu: zapi gorria, zeinak mutur batean hiriaren armarria izanen baitu, brodaturik, eta eskultura bat, Burguen Batasunaren alegoriarena, Mikel Okiñena artista nafarrak diseinatua. Urtero ematen da, Iruñean Batasunaren Pribilegioaren ospakizun-egunean, aurten irailaren 8an.
Iruñeko Zapia ematen den hirugarren aldia izango da aurtengoa. Lehenengo urtean, 2016an, Paulina Fernández izan zen omendua, La Mañueta txurro-dendako nagusia. Iaz Javier Pagola Lorente idazle eta kazetariak jaso zuen saria.