Duela zazpi urte izan da Nafarroa hezkuntza hitzarmenik gabe. Maria Solana Hezkuntza kontseilariak onartu du hobekuntzak ekarriko dituela sektorera eta jakin badakien arren gehiago ere egin zitekeela, pausoz pauso joan behar dela uste du. Sindikatu guztien babesa izanen du, ELArena izanen ezik eta Steilasek babes kritikoa emanen diola iragarri du. ELA sindikatuaren ustez oraindik murrizketak izanen direlako ez dago onartzerik ituna. Steilasen kasuan nabarmendu dutena da, itun zabalagoa beharko litzatekeela baina oinarri batzuk biltzen dituelako babestuko duela gaur sinatuko dutena.
LAB, Afapna, Comisiones Obreras, ANPE, UGT eta Steilas dira Hezkuntza Ituna sinatu dutenak. Itun horren oinarri handiak dira, hezkuntza publikoan hobekuntzak txertatzea murrizketei buelta emateko, azpiegiturei dagokienez hobekuntzak ezartzea eta irakasle kopurua handitzea. 2017an hasi ziren Hezkuntza Itunak jaso beharko lukeena osatzen, eta oinarri horiek ordutik daude adostuta. Hortik aurrera, hamabost hilabetez aritu dira negoziazioetan, aritu dira negoziazio horiek hausten, kalean protestan ere bai… baina azkenik uztailaren 4an iragarri zuten, baietz, bazela Hezkuntza Ituna. Azken Ituna, gogoratuko dugu, 2007koa izan zen eta ordutik ez da halakorik izan Nafarroako Hezkuntzan.
Neurri zehatzak jaso dituzte
Irakasleek ikasleekin dituzten zuzeneko eskola orduak txikitzea, alde batetik, ratioak jaistea eta irakasleen ordezkoak ezartzerakoan azkartasun handiagoz aritzea. Hala, Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleek bi ordu gutxiagoz ari beharko dute zuzeneko eskolak ematen ikasturte berri honetatik aurrera eta gauza bera gertatuko da Bigarren Hezkuntzako irakasleekin ere heldu den ikasturtetik aurrera, hau da, 2019-2020tik aurrera.
Uztailaren 4an iragarri zuten LABek, Afapnak, Comisiones Obrerasek, ANPEk eta UGTk babestu eginen luketela Ituna. ELAk berehala eman zuen ezezkoa, bere ustez ez direlako nahikoak oinarrian jarri dituzten irizpideak. Eta azkenik, babes kritikoa izan du Steilasen aldetik, neurri sakonagoak beharrezkoak direlako.