Elizak bere izenean hartutako ondareen zerrenda, publiko eginen du. Espainiako Justizia Ministerioak baieztatu du datozen egunetan plazaratuko duela zerrenda hori. Alderdi sozialistako diputatu batek egindako galderaren erantzuna izan da Justizia Ministerioak iragarritakoa. Alderdi sozialistak uste du urte askoan PPk bizkar emandako eskaera bati erantzuna ematen hasiko zaizkiola.
Ondare hori berreskuratzeko lehen pausotzat jo dute. Izan ere, zerrenda eskuratzen ahalko da eta jakiten ahalko da Espainia osoan Elizak beretzat egin duen ondarea zenbaterainokoa den. Datu zehatzik jakin ez da orain arte, baina, 40.000 ondare izan daitezke Espainia mailan Elizak bere egin dituenak. Nafarroan mila eta zortziehun inguru izanen direla uste du Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak.
Badakizue hain zuzen ere plataforma hori dela urte zenbaitetan salaketa behin eta berriz egin duela egoeraren berri eman eta bidegabekeria plazaratuz. Bada orain, albiste hau jakinda, uste du plataforma horrek Justiziak Ministerioak ez lukeela gelditu behar bakarrik 1998tik hona Elizak bere izenean jarritako ondarea publikatzearekin batera. Urrunago jo beharko luke eta Elizak bere egindako guztiaren berri eman. Izan ere, diote, 1998a baino lehen ere Elizak milaka ondare egin zituela bere, eta ez dute ulertzen zergatik ez duten hori ere publiko eginen. Elizak egindakoa eskandaluzkoa dela gogorarazi dute ohar batean Ondarearen Defentsarako Plataformako kideek. Nafarroan Elizak bere izenean jarri ditu ez bakarrik ermitak, baizik, baita lursailak edo frontoiak ere.
Datozen egunetan ezagutuko genuke hortaz 1998tik hona Elizak bere jabegotzat jo dituen inmatrikulazioen zerrenda. Behin zerrenda hori argitaratzen delarik, bada aukera, erakundeek edo norbanakoek eurenak diren ondarerik topatzen badute horiek erreklamatzeko. Horretarako, bide judiziala erabili beharko da.