Solana: “Negoziatuz gero, lehenago har genezakeen erabakia”

Euskalerria Irratia 2018ko abu. 20a, 14:07
Maria Solana, artxiboko irudi batean

> “Ez dugu ulertzen Asironen jarrera: lehendabizi gaztetxean edozein aktibitate egitea debekatu du eta gero gaztetxea mantentzearen alde azaldu da”.
> “Egunotan, Mari Jose Beaumont kontseilaria harremanetan izan da gurekin, bere taldearekin eta foruzainekin”.
> “27 dei egin dizkidate eta mezu piloa bidali, esanez ni naizela arduradun bakarra, kalean ikusiko dugula elkar, borroka dela bide bakarra”.

“Inportantea zen mahaian esertzea, epaileak hustea agindu baino lehen. Guk elkar ulertzeko borondatea ikusiz gero, gerora erabaki duguna erabaki genezakeen”, hau da, huste eskaera behin-behinean etetea. Hala azaldu du Nafarroako Gobernuaren eledun Maria Solanak Euskalerria Irratian.

Nolanahi ere, Solanak ez du argi gaztetxeko kideek egiazki negoziatu nahi zuten: “Argi utzi zuten presarik ez zutela, aspaldi iragarrita baitzuten husteari aurre egiteko prest zeudela”, eta, gauzak horrela, “hausnartu beharko genuke zein ziren bakoitzaren estrategiak”.

Gobernuaren eledunak halaber azaldu du negoziatu ahal izateko, zuzenean deitu ziela bere sakelako telefonotik gaztetxeko ordezkariei, eta hustea hasi zenean, lehen hamar orduetan, 27 dei jaso zituela eta hainbat mezu: “Zioten ni naizela arduradun bakarra, kalean elkar ikusiko dugula, hauteskunde kanpainarako oso argazki polita geratzen ari zaigula, borroka dela bide bakarra”.

“Hustean ez zen izan ez zauriturik, ezta atxiloturik ere”

Gobernuaren datuen arabera, ostiralean, hustearen ondotik, sei lagun artatu zituzten ospitalean, zauri arinengatik. Larriena, sudur hautsi bat izan zen. Solanak azpimarratu du zaurituok ez zirela eragin hustean, baizik eta inguruko liskarretan. “Egoera oldartu zen. Batzuk oldartuta zebiltzan, eta azkenean foruzainak oldartu ziren horien aurka, baina hori husteekin eta husterik gabe gerta daiteke”.

Ingurumari horretan, balak azaldu ziren kale erdian. “Oraindik ez dugu txostena jaso, baina foruzainek diote haiek ez dutela munizio hori erabiltzen eta beraz ezinezkoa dela haiena izatea", azaldu du.

Hustearen inguruan gaineratu du Mari Jose Beaumont kontseilaria, oporretan egonagatik ere, egunotan harreman zuzenean izan dela jarduneko Barne kontseilariarekin (Solana bera), bere lan taldearekin eta foruzainekin.

“Haiena proiektu politikoa bada, ordain dezatela egoitza bat”

Solanak halaber nabarmendu du gaztetxeak berak dioela haiena proiektu politiko bat dela: “Proiektu politiko bat bada, defenda ezazu dagokion lekuan, eta besteok egoitzak ordaintzen badituzte zuk ere bai. Ireki zure egoitza politikoa eta hitz eginen dugu, baina beste maila batean”.

Gobernuaren eledunaren arabera gakoa da Maravillas Gaztetxeko kideak “nortzuk diren eta zer egin nahi duten”. “Barra eta terraza nahi badituzte, zinema pantailaratu, ikastaroak antolatu, gimnasio bat egin, badira horretarako espazioak, eta gehiago izan daitezke, udalarekin mintzatuta, eskuduntza udalarena baita”, azaldu du. Eta bi adibide aipatu ditu: batetik, “Redin Cruzat  horretarako egokitu dute"; bestetik, “Caparrosoko txaleta utzi zitzaien, zesio kontratu eta guzti, baina hasi eta berehala kontratua urratu zuten eta ateratzeko gonbita egin zitzaien”.

“Eskuduntza udalarena da”

Solanaren irudikoz, auzi hau konpontzeko eskuduntza Iruñeko Udalarena da, eta Joseba Asiron alkatearena, “ez gobernuak hala interpretatzen duelako baizik eta egin dutenak argi uzten duelako”. “Maiatzean eta ekainean, alkateak gaztetxean edozein aktibitate egiteko debekuak sinatu zituen. Eta gero atera da esatera gaztetxea hor egotearen alde dagoela. Hor egon zertarako? Deus ez egiteko? Ez dugu ulertzen”, dio Solanak.

Bere irudikoz, honen guztiaren ondotik laukoa “oso une bitxian dago”, baina “denok genekien hau gertatuko zela, laukoa ez delako marka elektoral bat, eta hauteskundeak iritsi ahala denok aldenduko direlako laukoaren guardasolatik, hauteskundeei begira marka elektorala eta proiektu politikoa zehazteko”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!