"Bestelako formulak badira enpresetako lan taldeak gaztetzeko", hala nabarmendu du ohar batean Banatu Taldeak. Enpresetako lan taldeak gaztetzea lehentasun izan behar du baina era berean enpresaren beraren ardura ere badela uste du taldeak eta oro har gizarte osoarena ere bai. "Enpresek langileengandik jasotzen dituzten plusbaliak baliatu ditzazkete inbertsio hori egin eta gazteei aukera emateko", azaldu dute oharrean.
Espainia mailan 1983. urtetik ia ez da aldaketarik ezarri lan arloan: 37,5 lanorduetatik 35era jaitsi zen Administrazioan aritzen direnentzat eta bestela, erretiratzeko adina atzeratu eginen da progresiboki: 65 urtetik 67ra. Bestelako formulak beharrezkoak dira Banatu Taldearen ustez lan taldean gaztetu eta jende gehiagok lanpostua izan dezan: "lan jarduna 35 ordukoa izatea, egunean 6 orduz lan egitea edota astean 4 egunez, errelebo kontratuak sustatzea, aparteko lanorduak ezabatzea, erretiro adina aurreratzea...". Lana banatzea eraginen lukete aldaketa horiek eta administrazio publikoarentzako merkeagoa litzateke gainera. Finantzatzea nola eginen ote litzatekeen da gakoetako bat. Banatu Taldearen ustez langabeziarengatik ematen diren prestazioetan aurreztea eraginen luke adibidez eta formazioan, orientazioan... ere posible litzateke aurreztea.
"Diru publikoa enpresa pribatuetako lan taldeak gaztetzeko erabiltzea ez da etikoa eta are gutxiago irabazi handiak dituen enpresa batera bideratzeko", adierazi dute. Legedia aldatzea eta neurriak hartze ezinbestekoa dela deritzo taldeak.