Harresietako jaialdia: musika, dantza zirkua...

Euskalerria Irratia 2018ko uzt. 20a, 08:07

Abuztuaren 2tik 22ra izanen da, Ziudadelan eta harresietan hainbat txokotan. Ekintza gehienak doan izanen dira.

Hiriaren udako jaialdian, Iruñeko harresiak berriz ere eszenatoki natural paregabe bihurtzen dira abuztuan dantza-, musika-, zirku- eta antzerki-ikuskizunetarako. Hilaren 2tik 22ra, Harresietako Jaialdiaren barruan hogeita hamar bat ikuskizun eta musika-kontzertu izanen dira Ziudadelan, Guadalupeko bastioian, harresietako zenbait txokotan eta O-ko Andre Mariaren plazan. Gehien-gehienak doan dira, eta edozein adinetako jendeari irekiak.

Ilunabar eta gau magikoak espero dira, zirkua, antzerkia, musika eta pintura uztartuko dituzten akrobaziekin; era berean, aukera egongo da giza txoriaren kondaira ikusteko, zonbien inbasio bat bizitzeko, Amerikara bidaiatzeko country eta bluegrass musikaren erritmoari esker, baita Zenet taldearen erritmo latinoarekin dantzatzeko ere. Eskaintzak proposatzen digu ostiralero ilunabarrak O-ko Andre Mariaren Plazan pasatzea, bertan lantegiak, dantzak, antzerkia eta dantzaldi sozialak egingo baitira; halaber, dantza garaikideko ibilbideak egingo dira harresietako txokoetan barna, Zaldi Zuritik Jito Alai Frontoira.

Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek gaur goizean aurkeztu dute Harresietako Jaialdiaren hirugarren edizioa. Jaialdia Creacity proiektuaren barruan dago. Creacity mugaz gaindiko lan-ildo bat da, Iruña, Hondarribia eta Baionako gotorleku-ondarearen balio turistiko eta kulturala azpimarratzea helburu duena, berrikuntzan oinarritutako turismo kulturaleko eta sormen artistikoko ekimenen bidez. Creacity Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lurralde arteko Lankidetzako programaren funtsekin finantzatzen da (POCTEFA 2014-2020).

Abuzturako Iruñeko Udalak duen kultur apustua osatzeko, Auzokale programak hainbat jarduera kultur zentroetatik atera eta auzoetako plaza eta kaleetara eramango ditu. Kultura hiri osora zabalduko da edozein adinetako jendeari irekitako kontzertu eta antzerki-ikuskizunekin, zinema-gauekin –21 film proiektatuko dira atari zabalean auzo guztietako plazetan– eta ostiraletan Kondestablen Jacques Tatiren filmografiaren zati bat jorratuko duen ziklo berezi batekin.

Ikuskizunak Ziudadelan

Harresietako jaialdiaren zati handiena kaleko arteek osatzen dute. Guztira hamaika Ikuskizun egingo dira Ziudadelan, zirkua ardatz hartuta. Abuztuaren 2an, ostegunarekin, Oreka TX taldeak hasiera emango dio jaialdiari Pikotailuke ikuskizunarekin, bidaia bat jolasaren eta irudimenaren mundura harresietako horma-atalean. 7an, asteartearekin, Shakti Olaizolaren txanda izango da, zirkua, antzerkia, musika eta pintura uztartzen dituen Baldin Bada ikuskizunarekin. 8an, asteazkenarekin, Giza txoriaren kondaira performancea egongo da ikusgai, Mysteriéuses Coiffures taldearen eskutik, eta jarraian, zirku eta kale-antzerkiko ikuskizun bat, Amer eta Áfricaren eskutik.

9an, ostegunarekin, Arma Aretoaren ondoan, Nueveuno taldeak Sinergia 3.0 eskainiko du, zirku garaikideko ikuskizun bat, zeinetan lau lagunek malabarismo-teknikak, objektu-jolasak, mugimendu bertikalak eta koreografia-dantzak uztartuko baitituzte. Ikuskizunak abuztuaren 14an jarraituko du, asteartearekin, dantza-zirku garaikideko umore handia eta funambulismoa uztartzen dituen Up2down proposamenarekin, Transpediante taldearen eskutik.

Hurrengo astean zirkua izango da protagonista: 15ean, asteazkenarekin, The Black Blues Brothers taldearekin, eta, 16an, ostegunarekin, Up Arte taldearen eskutik. Jaialdiaren azken hiru ikuskizunak era askotakoak izango dira: abuztuaren 21ean, asteartearekin, Maduixaren trikimako gaineko dantza eta Antílopezen disko-ikuskizuna egongo dira. Harresietako Jaialdiari amaiera emateko, Cirque Rouages taldeak gaueko akrobazia-ikuskizun bat eskainiko du, tamaina handiko egitura baten gainean, eta zuzeneko musikarekin..

Jaialdiaren erdialdean, abuztuaren 18an, larunbatarekin, proposamen berri bat egongo da: zonbien gaua. Udalak Ziudadelan antolatutako jarduera honetan, 12 eta 17 urte bitarteko gazteek hainbat proba gainditu beharko dituzte zonbiengandik ihes egiteko. Jarduera honetan parte hartzeko Gaztediaren Etxean eman behar da izena (Zangoza kalea, 30), eta prezioa 5 euro da.

Eta Jaialdiaren hasieran, abuztuaren 4an, larunbatarekin, agertoki berri bat izango dugu Harresi magiko bat bizitzeko. O-ko plazan, 21:00etan, Baiona, Hondarribia eta Iruña lotzen dituen harresia oso modu berezian apainduta egonen da, tokiko dantzak eta izaki mitologikoak protagonista nagusi izango dituen gau batean.

Estilo askotariko bost kontzertu, doan, Ziudadelan

Antzerki-, zirku- eta dantza-ikuskizunak bost musika-emanaldirekin uztartuko dira Ziudadelako Arma Aretoaren ondoan paratuko den agertokian. Doako bost proposamen izango dira, estilo askotakoak. Lehenengoa, abuztuaren 7an, asteartearekin, Enkore taldea izango da, eta Dana haien single berria aurkeztuko dute.

Abuztuaren 8an, asteazkenarekin, Lazy Daisy Bandek bere Napar-Countrya eramango du Ziudadelara. Abuztuaren 9an, ostegunarekin, Dj Mom-en musika-saioak familiak dantzan jarriko ditu bere party familyarekin, 70eko, 80ko eta 90eko hamarkadetako pop, dance, elektro eta funk musikarekin. Hurrengo astean, abuztuaren 14an, asteartearekin, Anne Etchegoyenen txanda izango da, eta Compostelle album berria aurkeztuko du. Malagatik etorritako Zenet artistak itxiko du kontzertu-ziklo hau, abuztuaren 16an, ostegunarekin, eta Si sucede, conviene bere laugarren albuma aurkeztuko du.

Harresiak dantzan

Abuztuaren 3, 10 eta 17an, ostiralarekin, Harresiak Dantzan, Dantza Bertikalaren VII. edizioa egingo da.  Italia, EAE eta Madrildik etorritako konpainiek haien sortze-lanak aurkeztuko dituzte Redin azpiko Guadalupeko Bastioiko harresiaren horma-atalean. Era berean, Jaialdiak gune bat erreserbatu nahi die tokiko artistei, eta berriz ere hiru DJ arituko dira haien nahasketa eta musika-hautaketarekin esparru hori girotzen. Horrez gain, keinu-antzerki eta zirkuko hiru ikuskizun egongo dira, La Banda konpainia nafarraren eskutik, zeina konpainia nagusia baino ordu erdi lehenago arituko baita.

La Glo Zirko eta C9.80 konpainiek inauguratuko dute Jaialdia abuztuaren 3an, ostiralarekin. Lankidetzan egindako proiektu bat aurkeztuko dute , harresiaren horma-atalari eta horren inguruari egokitua. Gainera, musika zuzenean egoteak lagunduko du giro berezia sortzen eta ikusleak eremu magiko eta txundigarri batean sartzen. Abuztuaren 10ean, ostiralarekin, Compagnia dei Folli (Italia) taldearen txanda izango da, Tombolo ikuskizunarekin; eta Jaialdiari amaiera emateko, LINEA dARIA (Italia) eta bere Le vie del sale.

Emanaldiak 21:00etan hasiko dira, eta ikuskizun bakoitzeko sarrerak 16 euro balio du, eta bi pintxo eta bi edari hartzen ditu barne. Hiru ikuskizunetarako abonamendu bat ere badago, 36 euroan. 12 urtetik beherakoendako sarrera doan da. Sarrerak salgai daude www.entradascajarural.com webgunean, Turismo Bulegoan eta Guadalupeko Bastioira sartzeko leihatilan.

Dantza zoroan eta ilunabarrak

Hirugarren urtez, dantza garaikidearendako tartea egongo da Dantza zoroan izenburupean. Dantza-ikuskizun ibiltariak eskainiko dira, Zaldi Zuritik Jito Alai Frontoiraino. Abuztuaren 10ean (ostirala) eta 11n (larunbata) izango dira, 20:00etatik aitzina. Ostiralean joko dute Lali Ayguadé, Babirusa dantzak eta Akira Yoshidak. Larunbatean Josao Cidade, Roser López eta Ertzaren txanda izango da. Parkour-talde batek ikusleak gidatuko ditu agertokitik agertokira, harresietako hainbat txokotatik igarota.

Azkenik, Harresietako jaialdiaren programazioaren barruan sartzen dira Iruña Ilunabarrean programako jarduerak. O-ko Andre Mariaren plazan egingo dira, uztailean, abuztuan eta iraila hasieran. Ekimen honek zientzia, artea, teknologia berriak eta energia berriztagarriak uztartzen ditu, eta proposatzen digu ilunabarraz gozatzea musikarekin eta bestelako adierazpen artistikoekin. Hitzordua ostiraletan da, uztailaren 20tik irailaren 7ra arte, 19:00etatik 22:30era.

Auzoetan ere, musika, zinema-emanaldiak eta ikuskizunak

Udako programazioa harresietatik irten eta auzoetara hedatuko da edozein adinetako jendeari irekitako kontzertu eta antzerki-ikuskizunekin eta zinema-gauekin hiri osoko kale eta auzoetan, baita Jacques Tatiri eskainitako zinema-ziklo berezi batekin ere. Hain zuzen, Civivoxetako udako jarduera-programa uztailaren 20an abiatuko da, ostiralarekin, Tatiri eskainitako sei zinema-emanaldietako lehenengoarekin, Kondestable Civivoxean. Emanaldiak ostiraletan izango dira, 20:00etan, uztailaren 20tik abuztuaren 24ra, eta sarrera doan da (aurrez gonbidapena hartuta).

Auzoetan egingo den kaleko ikuskizunen programa abuztuaren 1ean abiatuko da, Txantrean, Historias de un baúl zirku-antzerkiarekin, Trotamundos konpainiaren eskutik. Programak auzo gehienetara eramango ditu bestelako hainbat antzerki-proposamen.

Zinema-gauak uztailaren 30ean hasiko dira, astelehenarekin, Etxabakoitzeko parkean, 22:00etan,Trolls filmarekin. Udako 21 gautan egongo da zinema, hiriko hamar tokitan: Etxabakoitzeko parkeaz gain, Mendillorriko Aintzirako parkean, San Frantzisko plazan, Iturramako bulebarrean, Txantreako Arriurdiñeta plazan, Buztintxuriko pasealekuan, Milagrosako Felisa Munárriz plazan, Sanduzelaiko Gortari Doktorearen plazan, Arrotxapeko Maiteminduen parkean eta Yamaguchi parkean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!